Onintza Enbeita.
BIRA

Berriro

2019ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Hauteskunde biharamuna da gaur, berriro. Atzo gaueko diskurtsoen arabera, berriro irabazi zuten guztiek. Egunak argitu du berriro, eta jendea lanera joan da. Irakurri ditut atzoko emaitzak egunkarian, berriro. Emaitzak herriz-herri, emaitzak herrialdeka, emaitzak Katalunian, emaitzak Andaluzian, emaitzak Galizian... pozteko eta haserretzeko moduko emaitzak, berriro. Hemendik aurrera datorkigunaren berri handirik ez dugu oraindik, baina kalera aterako dira pentsiodunak, gaur berriro. Promesen aroa hasiko da berriro. Gutxien egingo duenak mundua aldatu egingo du, eta gehien egingo duenak dena aldatuko duela esango digu guztiak lehen bezala jarrai dezan. Askotan entzun ditugun kontuak dira, baina esan egingo dizkigute berriro. Gero, datorren urtean Gasteizko legebiltzarra hautatzeko hauteskundeak izango ditugu berriro. Eta kanpainan hasiko gara berriro, eta promesak egingo dizkigute berriro, baina behin irabazita ez dute ezer aldatuko; berriro.

Gaur astelehena da berriro. Lehen sektorea hasi da hotzez hiltzen Gernika-Lumoren erdian. Supermerkatu handi bat zabalduko digute herriko sarreran berriro. Turistek argazkiak aterako dizkigute berriro; eta gure politikariek, botoa sutsu eskatzen diguten horiek, hemen utziko gaituzte berriro: asperduraz ez bada, inertziaz hil gaitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.