Onintza Enbeita.
BIRA

Etxea

2020ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Etxean egoteko agindu digute, eta bakoitza bere etxean gaude: munduan egoteko aukeratu ditugun lau hormen artean. Berdin du aldi baterako eraikitako habia den, betirako geratu nahi dugun, gurea den, alokatuta daukagun, komunitatean bizi garen edo bakarrik egoteko daukagun eremu bakarra den. Etxetzat hartzen dugun leku horretan babestuta sentitu behar genuke, beti. Gure etxea deitzen diegun lau horma horien barruan ez genuke arriskuan egon behar; baina badira etxean egoteko beldurra dutenak.

Gure etxean goxo ateratako argazkiak sareetan jartzen ari garen bitartean, badira egunero jipoi bat eta beste bat eta beste bat jasaten ari diren emakumeak, senideek bortxatzen dituzten umeak, eskolara joan ezin direnetik egunero jatordu bat ere egin ezin duten neska-mutilak, haiena ez den etxe batean kontraturik gabe kartzelatuta geratu diren etxeko langileak. Loa kentzen dit nola egongo diren pentsatzeak. Etxean ez daude ondo, baina kalera ateratzeko ere ausardia behar da. Izan ere, kalean, nondik datozen eta nora doazen galdetu orduko, balkoietatik oihu egingo dien jendea badago.

Ez ahaztu eskaileran agurtzen dugun jendeak, okindegiko ilaran gure aurretik dagoenak, txakurra paseatzera gure atarira datorrenak, agian, gure laguntza behar duela. Ez ditzagun bakarrik utzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.