Onintza Enbeita.
BIRA

Errekuentoa

2022ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Errekuentoa egin genuen atzo: bere auzoan dozena bat baserritan zegoen ganadua garai batean, orain beraienean bakarrik. Gurean okerrago geundela esan nion: urte batzuetan eutsi egin genion guk, baina orain ez dago behi bat ere. Ez dakit ze alderdiri emango dion botoa: beno, ez dakit botoa eman egiten duen ere. Erru guztia politikariek dutela esan zidan: laguntzak etorriko ei ziren Europatik eta etorri den bakarra kanpoko okela eta esnea izan dela. Arrazoia. Gure aukeren gainetik zorpetu gintuzten, eta orain ezinean ari da jendea merkatuak inposatutako prezioetan ekoitzi ezinda. Ez ei daki berak askorik, baina kapitalismoa hori izango dela esan zidan.

Bigarren errekuento bat ere egin genuen: azokan eta sektorean irauten dugun ehuneko handi bat txikiak gara merkatuaren begietan. Zorpetu gabeko jendea gara, astiro instalatu dena, kooperatiban elkartu dena edo azienda sortu orduko bere lurren gaitasuna aztertu duen jende xumea. Pistak hor daude. Oraindik ere, ordea, nekazaritza ikasketak egitera doazen gazteei proiektu handiak saltzen dizkiete, abelburu asko eta milioi asko balio dutenak, ez dakit non eta badakit non saltzeko aukera ematen dutenak... eta, itxura guztien arabera, jendea merkatuaren aginduetara makurtzeko baino ez du balio eredu horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.