Onintza Enbeita
BIRA

Inurriak

2022ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Igandean bertso-saioa izan genuen. Horraino ezer berezirik ez. Lau emakumek kantatu genuen eta gai jartzailea ere emakumea zen. Hori bada berezi samarra, baina honezkero ez guztiz berezia. Musikariek lagunduta kantatu genuen, eta hori ere gero eta gehiagotan ikusten da. Izan Inurri elkarteak antolatu zuen saioa, eta hor hasi zen kontua ohikoak ez diren margoak hartzen. Izan Inurri elkartea minbizia duten edo izan duten hainbat emakumek osatzen dute, eta gaixotasuna zein haren ondorioak eramateko ezohiko modua dute. Ez daude ileordeen kontra, ez protesien kontra... baina argi daukate ez dela hori aukera bakarra, eta protesi gabe ere bizi daitekeela, eta aholkatutako gauza guztiak erabiltzeko diru asko behar dela... eta behin eta berriro eskatzen dute osasun sistema publikoa indartu egin behar dela. Izan Inurrik tabu diren kontuak taularatzen ditu, eta bertsolariek negar egiten badugu, goxo hartzen gaituzte, eta barre egiten badugu, gurekin barre egiten dute eta bizitzari kantatzeko arrazoiak ematen dizkigute.

Minbizia ez da bakarrik telebistak dioena, eta gaixoek esateko daukatena entzun egin behar genuke, «zergatik ez duzu ileorderik nahi?», edo «protesirik ez duzu jarriko?» galdetu ordez. Gaixoen emozioak ezin dira ikusezinak izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.