Onintza Enbeita.
BIRA

Pasaportea

2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Txertatuta nago. Iragan urtarrilean COVID-19an positibo eman nuenez, txerto bakarrarekin nahikoa nuela esan zidaten uztailean. Behin ordurako, ez zidan ia ezerk inporta: bakea baino ez nuen nahi. Ezagutzen dut agindutako txerto pauta guztiak hartu dituen jendea, baina bigarren dosia hartu eta gero hirugarrena hartzeari uko egin diotenak ere bai. Maite ditudan beste hainbatek ez dute txertoaren dosi bat bakarra ere hartu. Haien aukera hori bada, nik ez daukat esateko besterik ezer. Hori bai, neuri ere ez diezadatela ezer esan gorputzean Pfizer apur bat sartzeagatik. Pasaportearen kontu honekin ezin dut, ordea. Jasangaitza iruditzen zait taberna batean sartzeko osasun agiri bat eskatu behar izatea. Ez dut uste diskriminazioa eta epaiketa soziala direnik ezer konpontzeko bidea.

Gaur hiesaren kontrako nazioarteko eguna da, eta ahaztuta daukagun arren, izurrite baten moduan zabaldu zen hura ere. Aire bidez kutsatu ez arren, jende asko hil zuen denbora gutxian. Gizarteak diskriminatu egin zituen GIBdunak, eta bakarrik hiltzera kondenatu zituzten gaixoak. Egun ez genuke onartuko GIBa daukan norbait lanetik botatzea, edo antigorputzak dituen ume bat eskolako jantokitik bidaltzea. Edo bai. Pasaportea justifikatzeko zenbait argudio entzun besterik ez dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.