Onintza Enbeita.
BIRA

Kapitala

2020ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Ezin omen da ekonomia gelditu. Beraz, koronabirusak dituen arriskuen jakitun egon arren, jendea lanera joatera derrigortuta dago. Eta etxean zaharrak dituen langilea derrigortuta dago bere bizitza eta etxekoena arriskuan jartzera. Eta etxean umeak dituen langilea kondenatuta dago kontu handiz ibiltzera. Eta maiteminduta dagoen langileak ezin du bere maitea ikustera joan, baina lanera joan egin behar du. Langileak, jende xumea, bidali dituzte berriz ere lehen lerrora. Betikoak, ordea, ederto egongo dira desinfektatutako bulegoetan eserita.

Txinatarrek argi esan zuten: ekonomia gelditzea beharrezkoa da koronabirusaren hedapena gelditzeko. Txina Txina da, ordea, eta Europan, kapitalak agintzen du. Eta kapitalarentzat bizitzak ez du balio. Eta gure agintarien laguntzaz, kapitala gerra hau irabazten ari da. Eta Nazioarteko Diru Funtseko buruak aspaldi esan zuen jendea urte gehiegi bizi dela. Eta jendea leihotik oihuka ari den bitartean, poliziak kalera irten direnak atxilotu ditzan, gugandik hain urrun ez dauden zenbait ordaindu beharko ez dituen pentsioak zenbatzen ari da. Kapitalak ez dauka bihotzik; kapitala psikopata da. Kapitala lehenesten ari direnek, ordea, badute (edo izan behar lukete) bihotza, badituzte izen-abizenak, badute ardura eta badute garaia erabaki psikopatak hartzeari uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.