Onintza Enbeita
BIRA

Erromantikoak

2021eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Berriz ere ikusi dut neure burua maitasun erromantikoari negarrez. Mila aldiz esan dut azkenengoz izango dela, baina berriro ere hasi naiz telesail txatxu bat ikusten. Buruz dakizkigun rolak dira: bihotz oneko tipo gogorra, hobea izaten saiatzen den tipo gaiztoa, benetako gaiztoa, bizitza guztia emakume berberarekin maiteminduta dagoena... eta gero daude neskak. Neskak haien artean gizonei buruz hizketan, neskak ama izan nahian, neskak esperientzia txarraren ostean onaren bila eta neskak gizonen araberako bizitza eraikitzen dutenak. Esan gabe dago homosexualik ez dagoela. Eta, hala ere, gauzak gaizki atera zaizkienean negar egin dut.

Ez dakit noraino sartu diguten maitasun erromantikoaren mitoa. Ez dakit zenbateraino ez dugun sinisten agian halako zerbait biziko dugula; beste guztia ez agian, baina esperientzia txarrak gainditzeko onak bizi beharra ez legoke gaizki. Eta neure buruarekin haserretzen naiz filmari begira jarraitzearren, baina amaiera baino lehen ia inoiz ez dut katea aldatzen. Pentsatu nahi dut inkoherentzia txiki bat dela, eta, harremanak eraiki ditudanean, nire printzipioen arabera eraiki ditudala. Eta, hala ere, ez dakit. Ez dakit kalkulatzen noraino sartuta dauzkadan gainditu nahi ditudan gauzen arrastoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.