Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Itzulera

2021eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Gauza jakina da: ez da komeni behinola liluratu zintuzten lekuetara itzultzea. Berdin dio bidelaguna nor den. Bost axola bidaia zozketa batean egokitu zaizun: aitzakia edozein dela ere, dezepziorako formula akasgabea da. Zu ez zara orduko bera —kilo batzuk gehixeago dituzu, umore petralagoa, loa galarazten dizun bizkarreko mina—; eta leku hark ere aspaldi utzi zion ezkutuko paradisu izateari: deskubritu uste zenuen kala hura bidaia-webgune guztietan agertzen da orain, jende narras eta zaratatsuz dago josia, eta musika ezin jasanezinagoa duen txiringito bat zabaldu berri dute; garagardo epela saltzen duena, lau euroan.

Ez leku berera itzultzeko. Hori da handik eta hemendik iritsi zaidan mezu errepikakorra. Hala diote nire izebaren bikote astunek, webgune merke mordoxka batek, eta uda den basamortu honetan delta aldagaia baino azkarrago zabaltzen diren txio ustez burutsuek. Kamiseta eta tote bag pare batean ere irakurri dudala esango nuke.

BERRIAko zutabeetara itzultzeaz ez da lerro askorik idatzi. Ez behintzat kamiseta eta blogetan. Baina mantra errepikakor horren oihartzunak kutsatuta, kezkatu naiz, ze demontre. Ez bainaiz jada Ekografiak lehenengo aldiz idatzi zituen gazte aratz hura. Porrotaren gozoa dastatuta nator, telebistaren barrunbeak (eta bertan dabiltzanen gorabeherak) hobeto ezagututa, Twitterreko eztabaida eta zurrunbiloen aurrean immune.

Aldatu da telebista ere: txiringito zaratatsuak badira oraindik, baina ETBk zuzendaritza berria du, Twitch eta gisako plataformek indarra hartu dute, euskarazko fikzioa hasia da berpizten, eta han-hemengo albistegiek erakusten dutenez, kale-zurruta da gizartearen gaitz guztien iturri. Nahikoa osagai balizko itzulera etsigarri baterako.

Mesfidati, proba egin dut badaezpada: haurtzaroan oporleku genuen Errioxako herrira joan naiz asteburuan, zer gertatuko. Asko zegoen jokoan: hauxe nuen opor usaineko azken asteburua. Eta uste ustel guztien kontra, hori gozatua hartu dudana: hango eguzkiaren epela, hango patxada lasaigarria, mahastiak, ardoa... Esperientziak lagunduta esaten dizuet, hortaz: itzuli, beldurrik gabe. Oporlekuetara, zutabeetara, telebista parera. Itzuli nahi duzuen tokira. Edonora, esaldi borobilegiak esaten dituzten horiengana izan ezik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.