Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Distantziak

2022ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Distantzia guztiak ez dira Google Mapsek ematen dizkigun zenbakitan neurtzen. Amerikako Estatu Batuak askoz urrunago ditugu, demagun, Portugal baino. Baina sekula bertan izan gabe ere, askoz hobeto ezagutzen ditugu bertako txoko, hiri eta ohiturak. SuperBowla, Trump, ikasturte amaierako dantza. Euskal Herriko edozein herri dago hurbilxeago unibertsitatean bertako lagunak egin badituzu. Eta Lapurdi zein Nafarroa Beherea gertuago daude zenbaitontzat Usopopera edo EHZ jaialdira joaten hasi ginenetik.

Parrandak edo lagunak egiteak leundu dezake beste mundu batzuekiko distantzia sinbolikoa. Baina denetan tresna praktikoena telebista da. Pantailan ikusten dugunak baldintzatzen ditu gure goizeroko hizketagaiak eta toki komunak eraikitzen ditu. Horregatik da hain determinantea, adibidez, ETB Ipar Euskal Herrira begira ere egotea. Iparraldearen Orena-ra mugatu da hainbat urtez, baina oraintsu lortu du Kantuen kontrabandista saioak —kasualitate ederra izenarena— muga hori gainditzea. Kanaldudek estreinatu bazuen ere, France3ek sarean izan du ikusgai, eta irailean ETB1en ari dira eskaintzen. Xabaltx aurkezleak galtzear diren kantak bilatzen ditu saioan, eta berpizten lagunduko dioten musikariengana jotzen du gero.

Telebistak gerturatu egiten du, hortaz. Baina urrundu ere egin dezake. Belaunaldien arteko ikus ohiturak ez dira sekula hain desberdinak izan. Badira telebista tradizionala sekula ikusten ez dutenak, eta badira —Euskal Herriko biztanleen batez besteko adinaEuropako altuenen artean dago— ikus-entzuleak ez dutenak smartphone edo ordenagailurik. Tiktoken ari den nerabearentzat Julen Portillo umorista erreferente bat izan daiteke, eta ziur asko ez daki Iban Garate nor demontre den. Bizilagunak gara, autobus berean joan gaitezke edo kirol talde beraren lorpenak ospatu, baina gure iritzi, kodigo eta ezagutzek oso iturri ezberdinetatik edaten dute. Zer esanik ez hizkuntzaren aldagaia ere jokoan sartzen bada.

Hor beste erronka bat —zerrenda luzean enegarrena— ETBrentzat. Inoizko garai globalizatuenean, dena eskura omen dagoenean, urrunduta dauden munduak gerturatzeko gai izango diren toki komunak sortzea. Edo gutxienez, ez uztea eremurik euskarazko kalitatezko edukirik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.