Onintza Enbeita.
BIRA

Beldurra

2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Beti pentsatu dut neu naizela gauez kotxean ez diren gauzak ikusten dituena. Bide ilunetan noala, kotxe barruko argia piztu izan dut sarri. Seguruenetik kurbako neskaren ipuinak markatu egingo ninduelako edo, baina bakarrik noanean, bakarrik noala frogatu nahi izaten dut. Ez nuen pentsatuko beste inork halako beldurrik izan zezakeenik. Erratuta nengoen.

Harritu egin naute. Ateoak dira. Begiratu batean, sinesgogorrak ere bai. Baina, gainera, begiratu bat baino gehiago egin diogunez elkarri, ordu luzeetan hitz egin izan dugunez honetaz eta hartaz, ez dut inoiz pentsatu ilunpean izaki arrarorik ikus dezaketenik. Bart elkarrizketa arraro bat izan genuen. Ez dakit nondik iritsi ginen Mexikora, baina han geunden, eta nik xamanarekin izandako esperientzia kontatu nien. Aho zabalik begiratu ninduten. Kuban ere izan nintzen halako batekin, jarraitu nien, eta hango santero hark egindakoak imitatu nizkien.

Elkarri begiratu zioten, eta irribarre egin zuten: «Edonor joango da orain bakarrik kotxean». Harritu eta larritu egin nintzen. Hauek ere nire moduan ikaratzen badira ilunetan, nori deituko diot inoiz ezer gertatzen bazait? Batek daki! Baina dakidana da, gero eta argiago dudana da, guztiok ditugula geure beldur txikiak; baita beldur absurdoak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.