Onintza Enbeita.
BIRA

Perspektiba

2018ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Kotxean sutan jartzen naiz. Mundu guztia astiroegi doala iruditzen zait. Ez dakit zein ohitura duen jendeak abiadura mugak hain zehatz errespetatzeko. Gero, auto handiak, taxiak eta kamioiak daude; baita autobusak ere. Errepide osoa eurena balitz bezala mugitzen dira hara eta hona. Bolantearen azpitik erdiko atzamarra ateratzen diet sarritan.

Laguna larritu egin zait. Olentzeroren identitatea deskubritu duen umearen aurpegia darama kopilotoaren aulkian. Neska gozoa omen naiz, alaia eta lasaia. Ez omen du ulertzen nola alda naitekeen horrela gidatzen dudanean. Ingurura begiratzeko eskatu diot: denak doaz astiro, behar ez denean ateratzen dira bide gurutzeetan, ez dute keinukaririk ematen errotondetan... ni ere berdin nabilela erantzun dit. Nik ere ez dudala keinukaririk eman azken lau errotondetan, irteera terribleak egin ditudala bidegurutzerik gehienetan eta hori gutxi balitz bezala, gorrian pasatu ditugun semaforo bi zenbatu dituela. Hori dena gaur? Hori dena, gaur.

Azken ezpata atera du: besteak ez doaz astiro. Zeu zara presa daukazuna, arazoa zeuk daukazu, zeuk jakingo duzu zergatik berandutu zaren, ez zure estutasunaren errua zabaldu. Eta bat-batean perspektiba aldatu da, besteen teilatutik nirera etorri da pilota. Galga zapaldu, eta martxa jaitsi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.