Onintza Enbeita.
BIRA

Walkmana

2021eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Gaur bezalako egun batez asmatu zuten walkmana, 1979an. Efemerideetan bila nabilela aurkitu dut datua, eta harrigarria egin zait. Ume ginela, orain aurre-nerabezaroa deitzen zaion adin horretan, halako bat izatearekin egiten genuen amets: poltsikoan edo motxilan eramaten genuen irrati txiki bat zen, aurikularrekin. Kaseteak inor molestatu gabe entzuteko aukera ematen zigun eskolarako bidean edo etxean. Zenbat gauza zahar: kasetea, walkmana eta aurikularrak. Izenez eta izatez aldatu dira gauza guztiak. Orain telefonoan entzun dezakegu musika bestelako gailurik gabe, eta kaskoak askoz ere erosoagoak eta txikiagoak dira. Kasetea aspaldi pasatu zen historiara: CDak egin zion lehen erasoa, eta hortik aurrera etorri den guztiak desagerrarazi egin du.

Konturatu naiz walkmanak adina urte ditudala; nahiz eta hark baino hobeto biziraun diodan bizitzaren joanari. Izan ere, ni hemen nago oraindik. Ez, agian, lehen bezain erabilgarri, baina bizirik oraindik. Denbora gutxian mundua asko aldatu dela eta halako zera filosofikoak esango nituzke, horrek neure burua atsotu egiten duela pentsatuko ez banu. Hori bai, gure belaunaldiari edo gure aurretik jaio ziren beti-gazteei esateko burla polita iruditu zait: «Ixildu zaitez! Walkmana baino zaharragoa zara eta!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.