Onintza Enbeita.
BIRA

Kasualitateak

2021eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Kasualitatez gure udalerrian hil da, baina albokoan ere gertatu zitekeen. Basoan ibili da lanean eta gidatzen omen zuen makinak buelta eman du. Ez dakit modua garrantzitsua den ere. Kontua da langileak hil egiten direla, lanean. Ez egunero, ez etengabe, baina sarri. Ez da hau gure udalerriko basoetan hil den lehenengo langilea; azkena izan dadin gurako nuke, ordea. Izan ere, langile asko babes neurririk gabe hiltzen dira, eta beste batzuk inork egin nahi ez dituen lanak onartu beharrak hiltzen ditu. Asko eta asko, ostera, estresak gaixotzen ditu, edo presioak lehertu. Langile gutxi hiltzen dira lantokian kasualitatez. Eta hori guztia badaki langile horiek kontratatu dituenak. Badaki ordaintzen duen diruaren truke behar handiena dutenek esango diotela baietz; badaki babes neurririk gabe behar handiena dutenek esango diotela baietz; badaki behar handia duenak eutsi egingo diola bere presioari; eta badaki, egiten duena egiten duela, gutxitan aterako dela bera galtzaile.

Egoeraren larriaren aurrean, borroka baino ez da langileei gelditzen zaiena. Eta grebak ezertarako ez duela balio pentsatzen zutenek hor daukate Tubacexen adibidea. Asko daukagu egiteko. Bakoitza bere zilborrari beha egon garen denboran, kasualitatez, eskubide asko lapurtu dizkigute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.