Emakumeek gizonek baino 1,5 aldiz probabilitate handiagoa dute beren lana galtzeko adimen artifizialaren eraginez. McKinsey Global Institutek aste honetan argitaratu duen txostenaren arabera, AEBetan lan egindako orduen ia heren bat hamarkadaren amaieran automatizagarria izan daiteke.
Automatizazioari eta AAren ondorioz, 12 milioi pertsonak lana aldatu beharko dute, eta emakumeek 1,5 aldiz aukera gehiago izango dute horretarako. Prekaritatea, soldata apalak dituzten industrietan —bulegoko lana eta bezeroarentzako zerbitzua arreta, esaterako—, emakumeak gehiago dira eta lan horietan oraindik aukera gehiago omen dago AAren eragina nabaritzeko. Langile beltzak eta hispanoak, unibertsitate titulurik ez duten langileekin batera ere talde horretan sartzen dira. Baina eta hori guztia gezurra balitz?
McKinsey Global Institute (MGI) McKinsey & Company aholkularitza estrategikoko enpresa ezagunaren ekonomia- eta enpresa-ikerketarako institutua da. MGI 1990ean jaio zen arazo ekonomiko, sozial eta teknologiko globalei buruzko azterketa eta ezagutzak eskaintzeko gobernu-, enpresa- eta akademia-buruentzat. Enpresa handiei eta interes korporatiboei mesede gehiago egiten dieten konponbideetara bideratzen du bere ikuspegia, erronka sistemiko zabalagoei heldu beharrean.
Hori horrela, aldaketak etorriko direla jakitun ere ikerketaren balioa mugatu beharko genuke. Hori baino, interes batzuen mesedetan kokatu nahi duten errelato bat gehiago da, eta ez edonolakoa. Zalantza asko daudela dio lanak; lanpostu merkeenak izanik, gainera, gehiago desagertuko direla dio. Baina ezkutatu nahi du orain arte soldata onak zituzten asko ere desagertu egin daitezkeela; orain ondo ordaintzen diren bulego lanak izan daitezke horietako asko.
Egia edo gezurra izan, kontakizun horrek zenbait sektoreren artean —emakumeak, migranteak, hezkuntza maila baxuko jendea...— beldurra sortzea du helburu bakar. Beldurrak blokeoa sortzen du askotan erreakzio moduan, eta kasu horretan lana galtzeko beldurraren aurrean otzan jokatzeko edota lana galdu eta horrek sortzen dituen sentipenen aurrean ez altxatzeko efektua izan dezake.
Gerta ala gerta, errelato horiei aurre egin behar diogu gizarte bezala era kolektiboan. Eta teknologiaren bidez bizitza hobeak denontzat izatea posible dela aldarrikatu.

IRLEN SAREA
1,5 aldiz gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu