Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Larria da

2018ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
ETB1ek %1,9ko kuota izan du ekainean; datu txikiena 2017ko urritik. Gure telebista publikoaren arduraduna banintz, kezkatuta egongo nintzateke. Ikusle datu eskasen arrazoietan sakonduko nuke, hobetzeko esparruak identifikatzeko eta erronkei aurre egiteko.

Nire esperientzia da euskaldunok ez dugula zer ikusi ETB1en. Nekatuta nago kirol, meza eta errepikapenez jositako asteburuko programazioaz. Horri erantsi euskarazko kateak dituen saiorik txukunenak —entretenimenduari, informazioari eta dibulgazioari dagokienez— ordutegi miserableetan ematen dituztela: EiTB Kultura Transit, Artefaktua eta Teknopolis tartean. Astegunetan egoera antzekoa da; Gaur Egun informazio eta Ahoz Aho kendu egin berri dute— analisi edo eztabaida saioez harago, aukera gutxi daude. Zaharrak berri udarako ere. Dirudienez, euskarazko saio berri bakarra uda honetan ETB1en Hauxa2 izango da.

Egoera larria da. Larria da euskaldunok ez izatea bermatua askotariko edukien emisio minimorik, euskaraz; larria da gure telebista publikoak ezin ekartzea herritarrak euskarara; eta larriena da, Josu Amezaga EHUko irakasleak dioen bezala, «euskaldun zaharrak, euskaldun berriak eta elebakarrak uxatzen direla hizkuntzatik». Maite Iturbe, EITBko zuzendari nagusi: programazio bera balu, ETB2k audientzia handiagoa lortuko luke ETB1ek baino? Datuak hor daude; Herri txiki, infernu handi umorezko eta Ur Handitan aktualitateko erreportajeen saioak asko estimatzen dira. Dakidan arte, gainera, telebistaz euskal kultura zabaltzeko bide dira.

Gustatuko litzaidake ikustea zenbakietan soilik oinarritzen ez den gogoeta eta erreakzioa ETB1en. Komunikabideek, telebistak barne, balio dutelako komunitate ezberdinek mundua nola ikusten duten erakusteko; kideen arteko harremana lantzeko; lurralde geografikoa identifikatzeko; balio kolektiboak indartzeko; imajinario soziala egituratzeko; eta erreferentzialtasuna sortzeko. Noski, jatorrizko hizkuntzan. Bestela, zaila da euskal gizartea euskarazko ikus-entzunezkoekin identifikatzea zein horiek kontsumitzea.

«Munduari eman diezaiokeguna eta beste inork eman ezin diona euskara da», dio Joxe Azurmendik Eusko Ikaskuntzaren Solasaldiak saioan. Zeren zain zaude, ETB?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.