Onintza Enbeita.
BIRA

Bazterrak

2018ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Politikoki zentroaren bila ibili naiz urte askotan. Ez zentro ideologikoaren bila, ez. Maite ditudan ametsak, gure ideologia euskalduna eta ezkertiarra joko zelaiaren erdian egotea nahi izan dut eta nahi dut. Emakumea izanda, eskolako patio bazterraren traumak jarraitu dit beti. Futbol zelaia erdian, eta gu bazter batean beti geure sokak eta klarionak hartuta. Beti nahi izan dut emakumeok gizartearen epizentroa markatzea. Familia euskaldun militantean munduratu nintzen, eta min ematen dit gure bizitzetan erderek zein leku duten ikusteak. Guk nahi ez ditugula ere, hortxe daude: erdi-erdian. Bizkaitarra izateak ere, zentrotik urrundu nau denetariko gintzen herri honetan: kulturgintza, euskalgintza, herrigintza. Gipuzkoako irakurleek, entzuleek, hiztunek agintzen dute, baina Euskal Herria hori baino zabalagoa da.

Ostera, konturatu naiz zenbait gauzatan ona dela bazterrean egotea. Autzaganeko mendateak ustezko progresotik baztertu egin gaitu Urdaibaiko biztanleok, eta mesede ederra egin digu. Euskal Herriaren zentro geografikoa porlanez matxakatu dute; egunen batean jakingo dugu nork zenbat irabazi duen. Zegamar batek esan zidan apartetxo egotea hobeto dela hauek agintzen duten artean, eta arnasa hartu nuen. Behingoagatik, bazterrean ondo nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.