Onintza Enbeita.
BIRA

Aurrera

2018ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Gogorra dela esan dit. Izan ere, heriotza gutxitan da erraza: sufrimendua eteteko balio duenean ere, hutsune handiegiak sortzen ditu. Geuri ez zaigunean ondoan tokatzen, ordea, aurrera egiteko eskatzen diegu besteei: ez omen dago besterik. Hori esan eta ezer ez esatea, berdin. Aurrera denok egiten dugu, halabeharrez: denboraren mugimendu logikoa aurrera doa.

Nik, baina, lagunari, behar duen denbora hartzeko esan diot. Gelditzeko une batez. Esan diot bera dela hutsuneari tamaina hartzeko gai den bakarra, eta kontziente izan behar duela tamaina horretaz. Negar egiten utzi diot, eta azkenean, barre ere egin dugu. Egingo du aurrera, baina gelditzeko beharra badauka, ni ere berarekin geldituko naiz apur batean. Zergatik ez?

Esan dit badakiela irrazionala dela sentitzen duena, zaharra zuela ama, baina ondo zegoela eta orain ez dela harekin bizi eta gela hutsik dagoela eta ez duela haren ahotsa entzuten, ezin duela ama usaindu eta min egiten diola hutsuneak. Ez dut asko kontsolatu: urteen joanean ere, min egingo diola esan diot. Baina benetan aurrera egiteko, min horren kontzientzia beharrezkoa da, eta gauzak ez direla berdinak izango onartu behar da. Hutsunearekin bizitzen ikasi egin behar da. Bestela, aurrerantz egiten den hori, ihes hutsa baino ez da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.