Onintza Enbeita.
BIRA

Aberatsak

2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Pizzak eramaten dituzte Londrestik Nigeriara. Hori dute moda hango aberatsek. Telefonoz eskatzen dituzte, eta gero, aireportuan jaso. Nigeriako pertsona arrunt batek urte guztian beharrezko gauzetan gastatzen duen dirua halako zortzi mila irabazten ditu egunero bertako gizonik aberatsenak (bai, gizona da). Arrakala hori argi erakusteko ahaleginean ari dira orain bera eta bere moduko zenbait. Munduko pizzarik onena nahi badute, zergatik ez ekarrarazi? Kontua da aberatsa izateak ez duela derrigor ondo jatea esan gura. Zalantza egiten dut, benetan, Nigerian baino pizza hobeak egingo direnik Londresen.

Munduko diru guztia izateak ere ez du automatikoki ondo jateko botoia norbere eskura jartzen. Are gutxiago konplexuz beteta zaudenean, eta zure herria, bere nortasuna, lurra, ura eta airea gutxiesten dituzuenean. Nekez emango diozu zure herriari duen balioa bere lehengai guztia mundu ustez aberatsari saldu diozunean.

Transgenikoak, Londreseko pizzak, edozein modutan ekoitzitako okela, plastikoz betetako arraina, supermerkatu handien hozkailuetan zaporea galdutako barazkiak... hori da munduko aberatsek jaten dutena. Ez dutelako ikusi nahi euren ondoan, euren herrian, munduko jakirik onenak ekoizten direla. Eta ez dira onenak onenak direlako; bertakoak direlako baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.