Onintza Enbeita.
BIRA

Korrika

2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Gero eta gehiago gara, baina beti ez gara milaka izan. Egon izan gara binaka, lekukoaren zain, taldea osatu ezinik. Joan gara lau edo bost furgonetaren atzetik gauez. Baina beti joan gara. Amaren lepoan hasi eta orain arte. Eta beti hunkitu gara. Erokeria ederrik munduan bada, hori Korrika da. Arrapaladan egiteko aitzakiarik jartzen ez dudan egun bakarra, herritik edo inguruko herrietatik pasatzen den eguna izaten da. Bizipenez bete gaitu urtez urte, eta honezkero 21 aldiz joan gara lekukoaren atzetik. Aitita Balendinek eraman zuen aldia ez daukat gogoan, baina han omen nengoen. Harrezkero egin ditugu gaupasak, jaiki gara goizaldeko 04:00etan lanegun batean, harrapatu dugu lekukoa Euskal Herriko beste lekuren batean, joan gara astiro, arin, arnasestuka... baina beti barreka. Eta hori da ederrena: nola jartzen zaigun oilo ipurdiz azala eta nola egiten dugun barre.

Badakit euskararen aldeko aldarrikapena dela Korrika, eta mundu idealean bizi bagina ez genukeela aldarrikatu beharko. Baina, gure hizkuntza zapalduta ez dagoenean ere, Euskal Herria independentea eta euskalduna denean ere, Korrika egin egin behar genuke: poza zabaltzeko, bidea non hasi genuen ez ahazteko, eta batez ere, geure nortasunaren alde erokeriak egiteko ere gai garela munduari erakusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.