Xabi Tolosa. Aspeko pilotaria

«Jendearen maitasuna irabazi dut, eta gauza ederra da hori»

Esku-eskura zuen finala, eta hura jokatu gabe geratu zen bat-batean, lesio bat tarteko. «Kolpe latza» izan zela aitortu du, baina zehaztu du «segituan» eman ziola buelta: «Oso ondo kudeatu dut egoera. Mesede handia egin dit jaso dudan babes handiak». «Ongi» osatu nahi du, eta «txapelketan bezain ondo» aritu berriz ere.

GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
Anoeta
2023ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Xabi Tolosa (Anoeta, Gipuzkoa, 1995) oso maitatua da jaioterrian, eta are gehiago gertatu zaionaren ondoren. Herriko plazako taberna kanpoan kafea hartzen ari den bizilagunak lehenbizi, eta zerbitzariak ondoren; biek galdetu diote zer moduz dagoen hura ikusi orduko. «Gero eta hobeto», erantzun die biei irribarretsu. Ez du umorea galdu. «Pertsona lasaia eta baikorra naiz; onari erreparatzen diot beti, are gehiago txarrenean. Adibidez, orain, partidarik ez dudanez, gehiago nabil lagunekin. Oso gustura nabil». Alkartasuna frontoian izan da solasaldia. Pilota hotsa entzuten da.


Hiru aste pasatu dira mina hartu zenuenetik. Zer moduz duzu eskuin hanka?

Eguneroko bizimodua egiteko nahiko ondo dut: duela bi aste utzi nituen makuluak, eta ez dut inolako trabarik kalean oinez ibiltzeko; min gutxi dut hankan. Baina hortik aurrera, ezer gutxi egin dezaket; oraindik goiz da entrenatzeko edo korri egiteko. Tentuz ari naiz; beldur naiz oraindik; gutxienez, hiru aste behar dira zuntz haustura ondo sendatzeko.

Ondo bidean, noiz jokatuko duzu berriro?

Hilabete pasatxo falta zait oraindik. Baina oinez ibil naitekeenez, eskuak landu ditzaket frontoian. Ariketa fisikoa ere egiten ari naiz; gehienbat, gorputzaren goiko aldeko giharreria ez ahultzeko. Hankekin ariketa batzuk egiten ari naiz ere bai, baina oso tentuz beti, hanka txarrarekin ahalegin handirik egin gabe.

Ondo osatzea da helburua, presarik gabe.

Dudarik gabe. Behin baino gehiagotan ikusi dugu pilotari batek horrelako lesio bat izan, korrika eta presaka ibili, frontoira jokatzera joan, eta toki berean lesio bera edo larriagoa egitea. Pazientzia izan behar dut; halako lesioak ondo osatu behar dira, lehiara konfiantzaz bueltatzeko.

Bi hilabete egingo dituzu jokatu gabe. Gogoratzen duzu horrenbeste denbora lesionatuta eman zenuen azkeneko aldia?

Duela bost urte eskumuturreko hezur bat hautsi nuen, eta lau hilabetez egon nintzen jokatu gabe. Baina, geroztik, ez nuen partida bakar bat ere utzi bukatu gabe.

Hanka hobeto duzu, eta animoz zer moduz zaude?

Oso ondo. Min hartu nuenean, sekulako pena, disgustua, negargura eta amorrua sentitu nituen. Hiru tantora besterik ez genuen finala, eta, bat-batean, gabe geratu ginen. Baina baikorra naiz, eta txarrenari ona ateratzen diot ere bai. Ez dut burua asko hautsi; segituan eman nion buelta. Oso gustura nago neure buruarekin. Uste dut oso ondo kudeatu dudala egoera.

Ez duzu penarik?

Ez. Gertatu zenak ez du itsustuko Jokinek [Altuna] eta biok egin genuen txapelketa ederra; oroitzapen izugarri polita dut; asko gozatu genuen elkarrekin. Jokinek aurreneko egunetik nabarmendu zuen nabari zuela niri ilusio ikaragarria egiten zidala harekin jokatzeak, eta horrek indar handia ematen ziola: sekulako gogoarekin eta grinarekin aritu nintzen entrenamenduetan, eta partidetan oso gustura aritu nintzen. Horregatik, Jokini pena handia eman zion gertatu zitzaidanak. Gustura jokatuko nuke berriz harekin. Ea enpresak aukera ematen digun. Horretarako, enpresako lau atzelaririk onenen artean egon behar dut. Gogor saiatuko naiz. Egin dudan txapelketak indar handia eman dit; oso ondo aritu naiz.

Askotan pentsatu duzu min hartu zenuen jokaldian Telebistan ikusi duzu?

Ez dut partida ikusi; ez naiz nire neurketak ikusi zalea. Baina ikusi dut min hartu nuen unea.

Zer gertatu zitzaizun?

Pilota, agian, motz geratu zitzaidan, eta nire eskuineko hankak gehiegizko ahalegina egin behar izan zuen. Partida luze eta gogor zihoan, eta horren guztiaren ondorioz, bikiak «kito» esan zuen, eta hautsi egin zen.

Unean bertan ohartu zinen lesioa larria zela?

Bai. Bi aste lehenago Gasteizen jokatutako partidan, arranpa handiak nabaritu nituen toki berean; oso sentipen txarrak izan nituen egun hartan. Baina, bigarren aldian, berehala sumatu nuen ezberdina zela, giharra eten egin zela. Ezaguna nuen sentipena; antzeko lesio bat izana nuen eskuin hankako iskionean.

Beraz, abisua izan zen bi aste lehenago gertatu zitzaizuna?

Bai. Askok esan didate zorte txarra izan nuela azkeneko partidan, baina nik gutxi sinesten dut zortean; zortea zerbaitengatik etortzen dela uste dut. Hori dela eta, nahiz eta nik ez sumatu, azkenerako fisikoki oso gogorra egin zitzaidan txapelketa, eta, agian, giharrek behar baino zama handiagoa zuten. Gasteizkoa abisua izan zen, eta Bilbokoa, sententzia.

Bi jardunaldiren faltan sailkatu zineten finalerdietako ligaxkarako. Damurik duzu atseden hartu eta partidaren bat jokatu gabe utzi ez izanaz?

Pertsona bakoitzaren izaeraren eta jokoaren arabera hartzen dira horrelako erabakiak. Ni ondo banago, beti naiz jokatzearen aldekoa. Eta ni ondo ari nintzen, bai lehen ligaxkan, baita finalerdietakoan ere. Gasteizen arranpak izan nituen, baina azkeneko partidan min hartu arte ez nuen ezer nabaritu; bat-bateko zerbait izan zen. Orain, jakinda zer pasatu zitzaidan, agian, hobe izango zen ez banu jokatu partidaren bat, baina horren ondo eta gustura ari nintzen... ez nuen inongo momentutan horrelakorik pentsatu.

Nola gogoratzen dituzu lesionatu ondorengo uneak?

Oso gogorra izan zen. Bilboko pilotalekuan erizaindegi bat dago, eta hara iristeko sekulako komeriak izan nituen; sufritzea zen pauso bat ematea. Negarrez egin nuen bide osoa, eta negarrez jarraitu nuen baita ohatilan etzan nintzenean ere. Egoerak gainezka egin zidan. Oso triste nengoen, banekielako zer pasatu zitzaidan: ezingo nuela jokatzen jarraitu.

Kantxara itzuli zinen, herrenka. Momentu batez bazirudien azken ahalegin bat egingo zenutela. Baina berriro itzuli zineten aldagelara.

Erizaindegian nengoela, norbaitek aipatu zuen ni kantxan egonda jokatzen jarrai genezakeela. Beroan, nik berehala esan nuen baietz, aterako nintzela, eta Jokini emango niola aukera borrokatzeko; hiru tanto besterik ez genituen falta irabazteko. Orain horretan pentsatuta, seguru nago Jokinek nekez egingo zuela tantoren bat. Baina une horretan, prest nengoen Jokinengatik kantxara irteteko. Hala ere, nola nengoen ikusita, hark segituan erabaki zuen partida uztea. Argi esan zuen berekoia izatea litzatekeela hala jokatzea. Eta hori nabarmendu nahi dut: lagunaren osasuna lehenetsi zuen haren arrakasta pertsonalaren gainetik. Kontuan hartu behar da zer zegoen jokoan, eta zer une zen. Hor ikusi zen zein pertsona handia eta profesionala den Jokin. Hamarrekoa izan zen bere jarrera.

Nola gogoratzen duzu etxerako bidaia?

Bikotekidearekin eta gurasoekin joan nintzen autoan. Pena handia genuen: nik eta nire inguru guztiak, familiak, lagunak, herriak... guztiek sekulako ilusioa genuen. Egia esan, ni aritu nintzen haiek animatzen bidean. Ni lasai nengoen; ez zegoen atzera bueltarik. Ondo osatzea eta aurrerantzean ere ordura arte bezain ondo aritzea besterik ez nuen buruan.

Anoetara iristean, ongietorria egin zizuten herrikideek.

Sekulako ezustekoa hartu nuen. Berandu zen, 22:30 pasata, eta uste nuen ordurako denak etxean egongo zirela. Baina, bat-batean, argi batzuk ikusi nituen, baita zarata entzun ere. Eta hantxe zeuden lagun guztiak nire zain, babesa emateko. Oso polita izan zen. Ikaragarri eskertuta nago. Asko lagundu zidan horrek.

Etxera iritsi, eta telebista piztu zenuen. Eta orduan, zer?

Elordiren, Zabaletaren eta Jokinen adierazpenak ikusi nituen, eta izugarri hunkitu nintzen berriro. Ordurako nahiko negar egin nuen, eta berriz ere hasi nintzen negarrez haien hitzak entzun nituenean. Adierazpen zoragarriak dira, eta agerian uzten dute zein elkartasun handia dagoen pilotarion artean, eta, kirolaz eta lehiaz harago, badagoela harreman sendo bat guztion artean. Oso toki ederrean utzi dute pilota.

Zenbat mezu zenituen sakelakoa piztu zenuenean?

Goizean piztu nuen, eta izugarria izan zen; berrehundik gora mezu nituen. Gainera, mezuak erantzuten hasi, eta erantzunak jasotzen nituen. Kontagailuak ez zuen behera egiten. «Dedio! Egunen batean bukatuko da hau!», esaten nion neure buruari. Ez nuen inondik inora ere espero horrenbeste animo jasotzea; toki guztietatik iritsi zitzaizkidan. Horrenbeste jaso nituenez, Whatsapp begitan hartua dut. Orain, geroago erantzuten ditut mezuak [barrez].

Sekulako babesa jaso zenuen. Oso maitatua sentitu zara?

Oso, eta mesede handia egin dit. Izugarria da horren maitatua sentitzea. Lesionatuta egonda, denbora gehiago izan dut hausnartzeko, eta ohartu naiz ez dudala finala jokatu, baina binakakoaren txapela bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa den zerbait irabazi dudala: jendearen maitasuna. Gauza ederra da hori.

Nola bizi zenuen finala? Zeure burua ikusi zenuen bertan uneren batean?

Ez horixe! Asko gozatu nuen finala ikusten, etxean, telebistan: Elordik eta Zabaletak irabaztea nahi nuen, eta merezita irabazi zuten: oso ondo jokatu zuten. Haiek bezainbeste poztu nintzen ni. Enpresarengatik ere asko poztu nintzen.

Esan bezala, txapela eskaini zizuten. Hitz egin duzu haiekin?

Bai, nola ez! Finala bukatu berritan, mezu bat idatzi nien biei, txapelagatik zoriontzeko. Finala jokatu aurretik ere haiekin hitz egin nuen, eta esan nien asteaz gozatzeko, oso polita delako. Batez ere, Elordiri azpimarratu nion hori, Zabaleta ohituta baitago finalak jokatzera. Biak oso ondo portatu dira nirekin, hasi eta buka.

Egoera guztietatik ikasten da. Zerbait ikasi duzu?

Bai: zein ederra den osasuntsu egotea, eta zein zorte onekoak garen minik ez dugunean. Askotan, ez diogu ematen merezi duen balioa, eta eman egin behar zaio. Goi mailako kirola eta lehia gogorra da, eta lesioak izateko aukera asko dago. Horregatik, gorputza eta eskuak ondo izan arren, saiatu behar dugu beti ahalik eta gehien zaintzen.

Buruz burukoa jokatzen ari da. Noren alde zaude?

Jokinen alde, noski! Finalerdietako partida erabakigarrian 19-15 irabazten ari ginen, eskura genuen finala, eta gabe geratu ginen. Asko poztuko nintzateke Jokinek buruz buruko finala jokatuko balu, eta beste txapel bat irabazteko borrokatuko balitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.