Onintza Enbeita.
BIRA

Buru gabe

2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Henrike VIII.a sei aldiz ezkondu zen: Katalina Aragoikoarekin, Ana Boleynekin, Joana Seymourrekin, Ana Cleveskoarekin, Katalina Howardekin eta Katalina Parrekin, hurrenez hurren. Zer esanik ez, horiekin zerbait sinatzera iritsi zela: bien bitartean izan zituen maitale, lagun edo ordaindutako sexu gauak dozenaka izango ziren. Emazte batekin aspertu eta hurrengoa hartzeko gogoa etortzen zitzaionean, edozer asmatzen zuen. Hala, Katalina Aragoikoaren eta bere arteko ezkontza bete gabea zela esan zuen, nahiz eta alaba bat izan zuten.

Emazteek, ordea, ez zuten askatasun handirik izan. Gaur bezalako egun batean hil zuten Ana Boleyn, erregeari adarrak jartzearen akusaziopean. Ez zuen bere burua defendatzeko aukera handirik izan, baina, hala ere, burua moztera zihoazkionean ere, Enrike VIII.a senar ona izan zela esan zuen. Batek daki bestea non eta norekin egongo zen ordurako.

484 urte dira gaur, beraz, Boleyni burua moztu ziotenetik. Telebistako zenbait programa ikusten ditudanean, harrezkero bere lekuan kokatu ezinik gabiltzala iruditzen zait. Oraindik ere zer adjektibo desberdinak erabiltzen ditugun larrutan sendo eta sarri egiten duena gizona ala emakumea den, ezkontzaz kanpo larrutan dabilena senarra ala emaztea den edo bikote batean larrutarako gogorik handiena mutilak edo neskak duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.