Onintza Enbeita.
BIRA

Medeak

2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Hogei urteren ostean, Medeak-ek agur esan digu. Haiek hala erabaki badute ez da berri txarra, agur esaten ere jakin egin behar baita. Horrek ez du, ordea, utziko duten hutsunea ukatzen. Urte batzuk badira ezagutu nituela. Feminista izateak buruko min handia ematen zidan garaia zen: elkarrizketak apurtzeari beldur handia nion garaia, gustu txarreko txisteak hala zirela esateak egoera gogorrak sortzen zituen garaia, kristalezko sabaia ikusten ez genuen garaia. Denborak eta bizipenek, ordea, Medeak-ekin behin eta berriro topo egitera eraman ninduten, eta garai bat iritsi zen salbamendurako aukera bakarra feminismoa izan nuena. Eta hor egon zen beti Medeak eta hor egon ziren beti Medeak-eko kideak. Norbere burua hondoratzen ikusteak instintuz igeri egitera eramaten du bat, eta norbere burua oihanean ikusten duenak ahalduntzea beste erremediorik ez du: jan edo jan zaitzaten utzi. Eta jaten uzteaz ere zerbait irakatsi zidan Medeak-ek, baina burugogorra ni esandako guztian amore emateko. Euskal Herriko feminismoari asko eman diotela ukaezina da, baina gutako bakoitzari eman digutena gutako bakoitzak baino ez daki. Ausartak izan dira, goxoak eta gogorrak, bakarrak baina taldekideak, jateko bezain itotzeko modukoak. Eskerrik asko, Medeak. Plazak elkartuko gaitu berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.