Onintza Enbeita.
BIRA

Inauteriak

2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Gure amamak gerraostea deskribatzen zuenean, zail egiten zitzaigun kontatzen ziguna gure buruetan irudikatzea: jendea burumakur, beldurra, tristura, tentsioa, hurrengo egunak ekarriko zuenari usainik hartu ezina, albokoekin ezin fidatua... Orain, geu ari gara antzerako zerbait bizitzen. Burumakur dabil jendea kalean eta etorkizunak ekarri lezakeenaz ia inork ez daki ezer. Ez dakigu bihar errudun seinalatu duten kolektibo batean egongo garen edo herriko plazan harrika egingo diguten neurriren bat ez betetzearren. Giroan tentsio handia sumatzen da.

Beraz, tolosarrei esan nahi nieke ez direla haiek triste dauden bakarrak. Askoren gaitza epidemia baino ez da, baina esaera zaharrak dio kontsolatzeko ere balio duela. Tristuraren hedapena COVIDarena baino larriagoa gertatzen ari den honetan, inauteriak ospatu egin behar genituzke. Ez samaldan, ez tabernak betez, ez elkarri bizkarretik helduta. Badaude egingarriak ohiturak: aire zabalean egiten dira eta berez, herri bakoitzean bertakoek baino ezin dute parte hartu. Agian, pandemia garaian, mozkortzeko barik, ogia erosteko mozorrotu gaitezke. Badakit ez daukala zentzu handirik idazten ari naizenak, baina zentzurik ez daukaten gauza askori barre egiteko bidea izan daiteke. Eta ez al ziren inauteriak halako zeozer?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.