Onintza Enbeita.
BIRA

Txioerria

2021eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Gaur bezalako egun batez idatzi zuen Jack Dorseyk lehen txioa. Abian zen Twitter. Sentimenduak, informazioa, norbere hausnarketak zein beste edozer karaktere gutxitan nola esan ikasten hasi ginen. Gertakariak zuzenean ematen laguntzen zuen jostailu berriak: denbora gutxian milaka lagunek ikusi zezaketen polizia non ari zen kargatzen edo zein herritan ari ziren jaiak ospatzen. Azkar alde egin zuen jendeak beste sare sozial batzuetatik: haiek norbere burua luzitzeko ziren, baina Twitter beste zerbait zen. Omen zen.

Urteak joan ahala, ordea, gero eta gehiago dira anonimoak eta trollak. Eraso pertsonaletarako oso leku aproposa, Twitter: norbere etxeko sofatik izorratu dezakegu gustatzen ez zaigun edonoren bizimodua. Mundu erreala Twitterren paraleloan geratzen den gauza bat da, baina ze ederra zaigun sarean ere norbait izatea. Zelan gustatzen zaigun guk idatzi duguna nori atsegin zaion eta nori ez jakitea. Ze poz ematen digun irakurri dugun liburuak jaso dituen bihotzak zenbatzeak.

Zaila da, hura argitaratu eta hamabost urtera, lehen txio hura idatzi zuenak zein helbururekin idatzi zuen asmatzea. Neuk ere batzuetan pentsatzen dut, txioerria leku ederra dela bizitzeko, baina errealitateak gogorarazten dit Euskal Herria askoz ere ederragoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.