Onintza Enbeita.
BIRA

Korrika

2022ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Infinitu idatziko nuke Korrikaz. Hiru ahizpok elkarrekin eraiki ditugun oroitzapen ederren artean beti dago Korrikaren bat. Eta Korrika da gure ama gau eskolan euskara irakasle, edo kilometroak lurrean marrazten, edo AEKren aldeko txosnan bokatak egiten, edo gauean amona atondu ostean ikasleen idazlanak zuzentzen. Korrika da gure aita esanez, «badator Korrika!» hura hasi baino hilabete bi edo hiru lehenago, amaren ausentzia deskribatuz. Korrika da aitita Balendinen argazki mitikoa atzean Ardatz duela ahoan txupatxusarekin. Guretzat Korrika izan dira erromerietan dantza egiteko abestiak eta gure hizkuntzari eskaini diogun denbora Korrika amaitu eta gero. Korrika izan ziren gu ume ginela eta gu jaio orduko gure etxera euskara ikastera etorri ziren lagun guzti horiek, eta Korrika dira gure ilobak lekukoarekin edo haren atzetik. Korrika ziren guretzat Julen eta Lourdes, eta oraindik Korrika dira Alberto, Igone, izeko Pili, Beda eta Karmen.

Korrika egitea bezain garrantzitsua izan zen haientzat lekukoa eskurik esku pasatzea. Ez dakit ezer onik egin dugun jaso genuenarekin, baina hasi da 22. Korrika eta hemen gaude. Ez geuk nahiko genukeen bezain libre eta euskaldun, baina askok nahiko luketena baino biziago. Zuei esker (ere), oraindik bagara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.