gorka julio
IRLEN SAREA

Oporretarako gomendioa

2018ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Bideo bat ikusten eta entzuten ari garenean jasotzen ari garen informazioa testu bat irakurtzen dugunean jasotzen dugunarekin alderaezina da, eta ezagutzaren transmisioaren parte handi bat ikus-entzunezko bidez soilik egitera pasatzen ari gara.

Ezagutzaren transmisioa ahozkotik idatzira pasatu zenean hasi ginen Historia letra larriz idazten. Sinbolo eta kode horiek harrian, papiroetan, paperean edo beste euskarrietan finkatu genituen, hurrengoek ere jasotzeko moduan, berau aldatzeko, metatzeko eta horretaz lan egiteko.

Ikus-entzunezkoak nagusitzen ari diren garaiotan, Netflix, Youtube eta halako enpresak dira funtzio hori ere betetzen dutenak. Bata industriaren kanal berri bilakatu da, eta handik transmititzen dute bere produktuak eta horiei atxikitako ideologia. Bestean, aldiz, erabiltzaileek sortzen dute edukia, eta produktua ere beren inguruan eraikitzen dute. Bi kanal horiek (eta antzekoek), beren berezitasunekin, ezagutzaren transmisiorako eta balore askoren erreprodukziorako mekanismo bilakatzen ari dira gure jendartean.

Adibiderik garbiena Youtuben zabaltzen diren tutorialak dira. Lehen, zerbait eraikitzeko instrukzioak, joko batean aurrera egiteko trikimailuak edo bidaia baterako gomendioak webgune, blog edo beste testu idatzietan bilatzen bagenituen, orain bideoa izan ohi da lehen aukera. Bideoa bilatu, ikusi eta urratsei jarraitu besterik ez dugu egin behar izaten.

Gauza on asko dituen arren, gauza txarrak ere baditu horrek: bilaketak ezin dira testuan bezain erraz egin, aurkibide eta testuan mugitzeko laguntzak ez dira ohikoak eta editatzeko ere jakintza minimo batzuk beharrezkoak dira; aldatzeko baimena izatekotan, betiere.

Onerako edo txarrerako gertatzen ari zaigu, baina, puntu honetan, irakurketak duen barne prozesuaren garrantzia nabarmendu behar da. Irakurketak, kontzientea eta luzea, ez komunikatibo soila bada, gogoeta prozesu konplexuak sustatzeko gaitasuna dauka, eta gaur gure jendarteak arretarekin lotuta dituen arazoetan lagun dezake.

Askorentzat opor garaia datorrela aprobetxatuz, klasiko bihurtu den gonbidapena egingo dizuet: hartu zuen liburu elektronikoak, sakelako irakurgailuak edo liburuak... eta irakurri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.