Onintza Enbeita.
BIRA

Kondena

2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Duela aste pare bat Bilbon izan zen gure ama. Ez, ez zen pasiatzera joan, orduan zerbait legezkoa bazen ere: mediku kontu bat zeukan. Itzuleran urduri etorri zen etxera. Autobusa bete-beteta etorri zela esan zigun, eta itolarria sartu zitzaiola. Mundu guztia elkarren gainean omen zetorren, eta berak ulertua zuenez, hori arriskutsua da. Ez zegoen errefortzurik, ordea: ordu hartan, huraxe zen autobusa. Ilara ikusita, gainera, hurrengoa ere antzera etorriko zela iruditu zitzaion. Harritu egin ninduen garraio publikoa horrela egoteak, baina sare sozialetako argazkiek arrazoia ematen diote amari, eta nire ikasleek ere hala diote: eskolako sarrera eta irteera orduetan beteta egoten dela trena.

Irratian, ostera, erizain bat entzun nuen atzo berbetan, eta ahotsean igarri egiten zitzaion larritasuna: oraindik gripearen garai gogorra ez dela heldu eta ezinean dabiltzala esan zuen, lan karga handia dutela. Aztarnariak ere antzera dabiltza: egunak behar izaten dituzte positibo eman duenaren inguruari abisua emateko. Hori bai, edozein ekitaldi antolatzeko, lan doblea egin behar da haien lana errazteko.

Bitartean, COVID-19aren loreontzitik kilometro batzuetara, gazteei eta gauez ateratzen omen direnei botatzen zaie positiboen errua. Eta gure herritik ez ateratzera kondenatu gaituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.