Onintza Enbeita.
BIRA

Errealitate birtuala

2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Pertsona zaharrekin lan egiten du. Medikua da: geriatra. Gaitzen eta ondorioen jatorriaren bila ibili da azken hamarkada bietan. Duela urte asko, erresidentzietako lantaldeetan turnoez hitz egiten zenean, jendeak zahartzaroan etxetik ateratzeari beldurra hartu zionean, pertsonetan zentratzeko deia egin zuen. Edadeko pertsonak lotu gabe zaindu daitezkeela ikasi zuen; oraindik ere ez dute profesional guztiek hain argi horrela denik. Argi dauka: «Zainduko gaituen robota asmatu arte, pertsonak izango gara beste pertsona batzuk zaintzen ditugunak. Jakin egin behar dugu zergatik saiatzen diren zaharrak aulkitik jaikitzen, zergatik ez dauden eroso, eta ez lotu eta kito».

Duela gutxi zahartzaroari buruzko kongresu batean parte hartzera gonbidatu zuten. Harrituta itzuli zen: errealitate birtualaz hitz egin zieten. «Hori oso ondo dago», dio berak, «baina, hemen, gora eta behera mugi ditzakegun oheak erosteko dirua falta zaigu». Alegia, gure zaharrak etxean zaintzeko kontratatzen dugun jendeari miseria bat ordaintzen diogula, eta erresidentzietako langileek sekulako lana egiten dutela ukatzen zaizkien baldintzetan lan egiteko. Eta betikoak errealitate birtualaren abantailez ari dira. Haientzat horixe baita zaintza: errealitate birtuala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.