Onintza Enbeita.
BIRA

Gorriak

2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Gero eta herri gorri gehiago daude Euskal Herriko mapan. Pentsatzen dut gure aitona-amonek, burua altxatuko balute, barre egingo luketela. Zeinek asmatuko zuen duela laurogei urte Durango gorria izatera iritsiko zenikā€¦ Amamak beti esaten zigun karlista zela Durango, eta orain gorri jarri dute mapan. Eta Luis Marianoren Irun hura ere gorri orain. Bazen garaia, ironiaz baino ez bada ere, mundua gorritzen ikusteko.

Harrigarria da nola margotzen dugun arriskua gorriz, edo nola herri hizkeran gabezia guztiak gorriz esplikatzen diren. Eta, kasualitatez edo ez, mundua galbidera daraman sistema ekonomiko honen gabeziak ulertu dituztenak gorritzat hartu izan dira. Eta gorriak dira sute batean kanpora arineketan atera behar dugula esateko pizten dizkiguten argiak, eta gorria da errepidean goazela gelditzeko esaten digun argia. Gorriak adierazten digu azterketa bat zenbateraino gaizki egin dugun ere.

Gorriz azaltzen zaizkigu arrisku guztiak, baina kosta egiten zaigu mapan gorriz margotu dituzten lekuetan urratu dituzten eskubideak zenbat diren ulertzea. Gorrienek ere normaltzat hartu dute bizitzari mugak jartzea. Gorriak ikustea tokatzen ari zaigu. Nori eta guri: bizitzaren gorritik kontsumismoaren larrosara nahi baino errazago salto egin zuen belaunaldiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.