Eguneroko gatazken erretratuak

Gizarte eta politika gaiak ardatz hartuta, 'Uno+1+... Gizartea gara' erakusketa osatu dute Euskal Herrian bizi diren hamabost artistaren lanekin. Otsailaren 18ra bitarte izango da ikusgai, Bilboko Bizkaia aretoan

Goiko irudian, Juan Pablo I artistaren collagea. Behekoan, Oier Ituarte artistaren argazki bilduma. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Margolan bat, manifestariak kolpatzen ageri diren grisak irudikatzen dituena. The End (Amaiera) hitzak ditu idatziak gainean. Hala dio Ana Riaño egileak piezari buruz: «Demokraziaren hasiera balitz bezala saldu ziguten trantsizio hura amaiera izan zen beharbada, kontuan hartuta gauzak ez zirela ondo egin, eta ez zirela demokrazia irmo baterako oinarriak ezarri». Aldamenean du Adrian Castañedaren 155 kg obra, lurrean kokatuta: hormigoiz egindako 155 zenbakia. Gogoetarako artea egiten duela dio sortzaileak. «Boterearekin eta harekin lotutako zenbait alderdi jorratzen ditut, bisitariek egungo panorama sozial, politiko eta demokratikoari buruz gogoeta egin dezaten». Euskal Herriko hamabost artistaren lanak bildu ditu Fidel Diez komisarioak Uno+1+... Gizartea gara erakusketan, Bilboko Bizkaia aretoan ikusgai dagoena. «Pil-pilean dauden gaiak jorratzen dituzte artista guztiek, politikoak». Otsailaren 18ra bitarte izango da zabalik, Axular eta Etxepare aretoetan.

Riaño eta Castañedaren lanez gain, David Hornback, Oier Ituarte, Lle Godoi, Ernesto Casero, Izaro Ieregi, Zaloa Ipiña, Ismael Iglesias, Ixone Sadaba, Raquel Meyers, Kepa Garraza eta Juan Pablo I ezizenez ezaguna den artistaren lanak daude ikusgai. Baita Sra. Polaroiska kolektiboa osatzen duten Maria Ibarretxe eta Alaitz Arenzana artistenak nahiz Proyecto Ellas taldeko Ainhoa Resano eta Savina Lafitaren pieza bat ere. Sortzaile gazteen ikusgaitasunean egin du geldialdia erakusketaren komisarioak. «Euskal Herriko artista gazteen lanak beren estudioetan geratzen dira maiz, eta ez zaie ikusgaitasunik ematen. Hemen sormen asko dago, eta hori azaleratu egin behar da».

Orotariko gaiak

Sortzaileen eta publikoaren artean dagoen tartea laburtu beharraz jardun du Diezek. «Errekorrak betetzen dituzten museoak ditugu Bizkaiko hiriburuan». Gazteengandik urrun sumatzen ditu, baina. Eta hutsune horretatik abiatuta osatu du erakusketa. «Parte hartu duten artistek gizarte eta politika gaiak jorratzen dituzte, gazteak dira, eta Euskal Herrian egiten dute lan». Erakusketaren kokapenarekin ere txantxa egin du komisarioak une batez: «Guggenheim museoaren eta Bilboko Arte Ederren Museoaren artean dagoen eraikin batean jarri dugu».

Azaldu duenez, hasieratik izan zuen argi erakusketaren gaia. «Pertsonak hartu nahi nituen ardatz, iruditzen zaidalako denak ezberdinak izan arren antzeko sentipenak ditugula. Halaber, botereak eta politikak gugan duten eragina aztertu nahi nuen: erakusketan bildutako artistetako bakoitzak ertz bati begiratzen dio, eta uste dut horrek ere egiten duela erakargarri». Juan Pablo I artistaren obra jarri du adibide gisa: Marlboro tabakoaren iragarkietako irudiekin osatutako collagea ondu du sortzaileak, eta gizonekin lotzen diren rolak irudikatzen dira. «Oso indartsua da pieza. Gizonen maskulinitatearen eraikuntza oso era gardenean azaltzen du. Uste dut, gaur egungo gizartean oso garrantzitsua dela maskulinitate eredu horren deseraikuntza aldarrikatzea», azaldu du komisarioak.

Zaloa Ipiñaren Etxean arrotz lana aipatu du jarraian. «Gatazka linguistikoak landu ditu bere piezan». Metakrilato gardenez egindako bost etxetan, hainbat erakundek euskararen aurka onartutako legeak bildu ditu artistak, ordena kronologikoan. Hala dio Ipiñak: «Hizkuntza bakoitzaren egoera historian jasandako bizipenen isla da. Menderakuntzaren ondorioz, arrotz sentitzen gara euskaldunok gure etxe propioan; eta, alderantziz, arrotzak izan beharko luketenak etxeko jabeen gisan aritzen dira, naturaltasun guztiarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.