Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Plazandreak ez dira inportanteak

2020ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Zein da jartzen duzuen lehenbiziko irudia pilotaria hitza entzuten duzuenean? Emakumezkoa ala gizonezkoa? Hara! Emakumeek ere pilotan jokatzen al dute? Hau da, gizonezkoenak bezalako txapelketak izaten al dituzte? Ba, bai. Hain zuzen, hori sustatzeko eta ikusgarri egiteko estreinatu zuten ETB1eko Plazandreak programa, uztailaren 3an. Lehen atala ostiralean eman zuten arren, ostegunero ikus daiteke orain, 22:30ean. Gentzane Aldai pilotari eta saioko aurkezleetako bati egin zioten elkarrizketa BERRIAn. Haren esanetan, programa «ezinbestekoa» izango da emakumeen pilota sustatzeko.

ETBko udako programazioan iritsi da euskarazko saio berria. Egiaz, urtean ez emateko arrazoirik ez dut ikusten. Halere, ekimen positiboa denez, alde onari begiratuko diot. Kirol tartea, finean, pilota txapelketa bat da. Ezohikoa. Bederatzi jardunaldi daude, hamabi plazandre (Iparraldekorik ez), lau talde, lau kapitain (bi emakumezko eta bi gizonezko), hamabi tantoko partidak (hiru labur: banakako bi, eta binakako bat), eta astero puntu bat dute jokoan bi garaipen edo hiru lortzen dituen taldearentzat joango direnak. Pilotalekua, bestalde, telebistako plato bihurtu dute. Harmailetan, ordea, ez dago publikorik. Hori guztia dela eta, reality show formatua hartzen du tarte horrek. Baita partidetan ikusi ohi ez diren irudiak eta adierazpenak ikus-entzun daitezkeelako ere. Pilotarien bizipenak, sentimenduak eta partidak jokatu bitartean kapitainengandik jasotzen dituzten aholkuak, kasurako.

ETB1ek «sekulako» apustua egin duela adierazi zuen Aldaik, BERRIAn. Erreferente femeninoak sortzeko aukera «polita» baita. Ez zaio arrazoirik falta. Zinez, emakumeak pilotan ikustea gizonak ikustea baino gauza ederragoa da. Bereziki, binakako lehietan. Ados, hamabi tantora dira partidak gizonen aldean, ia erdia, baina horri fisikoki ere eutsi egin behar zaio. Bestalde, ez gaude ohituak telebistaz haien partidak ikustera, beraz, alde horretatik ere berritasuna da. Tamalez, Plazandreak ez da programa zaindua. Justu, kontrakoa: audio akats ugari daude, errealizazio eskasa, eszenaratze aukera mugatua eta hala moduzko gidoia du. Horietako batzuk postprodukzioan zuzendu zitezkeen. Baina ez. Emakumeen pilota zein euskarazko katearen audientzia ez dira inportanteak ETBrentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.