Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'Bideo dating'-etik ikasiz

2020ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Interesgarria izango litzateke aztertzea telebista tradizionalak zer espazio fisiko duen euskal etxeetan. Alegia, ohiko tokietan dagoen ala ez. Besteak beste, sukaldean, egongelan edota logelan. Lagun batek etxea erosi berri du, eta diseinatzaileak telebistak kokatu dizkio planoetan. Hark, ordea, denak kendu ditu. Izan ere, ez du etxean telebista gailurik izateko asmorik. Gutxi ikusteaz gain, eduki guztiak sarean eta ordenagailu eramangarrian kontsumitzen ditu. Hau da, nahi duen orduan eta lekuan. Pentsatzen dut zuetako askori jada gauza bera gertatuko zaizuela. Horregatik, esango nuke, toki fisikoaz gain, telebistaren gaineko kontzeptua ere aldatu egin dela. Eta horrekin batera, telebistako edukiak sortzeko, finantzatzeko, ekoizteko, programatzeko eta hedatzeko sistema osoa.

Bideo dating-a edo harreman intimoak Internetez izateko modua pantaila txikira hedatzen ari da. BBCren arabera, itxialdian sortutako fenomenoa da; nagusiki, tabernak itxita zeudelako, aurrez aurreko harremanak debekatu zituztelako, eta ezin zelako hiri batetik bestera bidaiatu. Hala, bideo deiak bizkor bihurtu ziren alternatiba. Dating.com atariak, kasurako, %82ko kontsumo gorakada izan zuen itxialdian. The Meet Groupek, berriz, %95eko igoera martxotik. Datuek diotenez, normaltasun berrian gurean geratuko da bideo dating-a.

Match atariak egin berri duen inkestaren arabera, AEBetako erabiltzaileen %69 bideo-txatak egiteko prest azaldu dira. Pandemia baino lehen, soilik %6k zeukan probatua. Bumble enpresak, bestalde, iaz jaurti zuen bideo dating aplikazioa, eta eragile nagusietako bat da egun. Dioenez, krisi honetan harreman intimoak izateko modu seguruena da. Horri erantsi bideo dating-arekin erabiltzaileek ez dutela telefono zenbakirik edota sare sozialetako informaziorik partekatu beharrik. Ez, behintzat, hasiera batean. Hinge aplikazioak, zehazki, Date from Home (harreman gunea etxetik) bideo-txata gehitu zuen apirilean. Helburua: COVID-19ak eragindako egoerara egokitzea.

Hori guztia zertara dator? Azpimarratzeko bideo dating-ean hainbat irakaspen daudela. Bat: telebista tradizionalaren sistemak ez du gehiago balio; bi: erabiltzaileak dauden lekura eraman behar da zerbitzua edo edukia; eta hiru: behingoz, digitalera salto egin behar du ETBk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.