Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

'The Tour de France'

2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Pogacar, Vingegaard, Carapaz, Van Aert, Van der Poel, Cavendish, Alaphilippe, Mohoric, Bilbao, Izagirre, Castroviejo, Erviti... Eman dute zer ikusia eta zer esana punta-puntako txirrindulariek Frantziako Tour amaitu berrian. Eta, zer esana emateaz gain, hizketan ere ikusi eta entzun ditugu; ez ordea frantsesez, ez ordea nor bere hizkuntzan, denak ingelesez baizik. Hala mintzatu zen Pogacar esloveniarra, eslovenierari muzin eginda, horiz jantzita, Parisko podium zeremoniatsuan, eta ingelesez mintzatu izan dira egunean eguneko etapa irabazleak ere telebistako kameren aurrean, kasurik gehienetan behintzat, denetan ez bada.

Garai batean hizkuntza-nahasketa handia omen zegoen tropel barruko solasaldi eta ohartarazpenetan, baina ziklismo garaikidea ingelesez mintzo da, antza denez. Globalizatu egin da txirrindularitza eta globalizatzearekin batera ingelesa nagusitu da lingua franca moduan hala tropelean nola txirrindularitzako nazioarteko emanaldietan, are Frantzia chauviniste-ko kirol ekitaldirik grandeur nabarmenekoarenean ere. Ez da nolanahiko konkista, alajaina! Lekutan geratu dira, bestalde, esperantisten aldarriak eta ametsak dena bereganatzen ari den olatu anglofilo oro-hartzailearen aurrean!

Niri atentzioa bereziki aurten eman badit ere, seguru asko lehendik dator kontua, eta ez da oso harrigarria, aintzat hartzen baldin badugu zein neurritan ari den nagusitzen ingelesa gero eta esparru gehiagotan, ia denean. Halako moldez non gaur egun eskola-ume baten guraso baldin bazara alferrik izango zaren tokiko hizkuntzen defendatzaile sutsua, zuk ere azkenean amore eman beharko duzu alaba edo semea tropelaren atzealdeari ezin jarraituz ikusiko ez baduzu. «Ingelesa ikastera, etorkizun handikoa baita, eta zure aitak ikasi ez bazuen ere, zuk bai», kantatzen zuen, joan den mendean, 1979an zehazki, Topo rock taldeak Mis amigos kantu gogoangarrian.

Dena den, tropeleko hizkuntza nagusia ingelesa izanagatik ere, ez gaude kexatzeko moduan txirrindularitza gustuko dugun telebista-ikusle euskaldunok ziklisten lehia nagusiak geure hizkuntzan ikusteko dugun aukerari dagokionez. Ingelesa jakin beharrik gabe eta, Fermin Aramendiren itzulpenak lagun, ingeles pittin bat ikasiz ikusi dugu The Tour de France.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.