Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Erdaraz esaten den bezala

2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Zenbat aldiz entzuten dugun, euskaraz ondo dakien jendearen ahotan ere, «erdaraz esaten den bezala» makulua, ondoren euskaraz nola esaten den ez dakiten, edo euskaraz arrotz zaien, esaldi baten erdarazko aldaera emateko, harekin adierazi nahi dutena hobeto ulertaraziko dutelakoan edo. Zenbat aldiz erabiltzen dugun geuk ere makulu hori, edo zenbat aldiz ahoskatzen dugun erdarazko esaldia zuzenean, aurretik «erdaraz esaten den bezala» ohartarazi gabe.

Zein zaila zaigun garbigailu, krispeta, aldaka, saihets-hezur, espazio-ontzi, iragazi, NBE, DSBE, IAT esatea. Eta zein erraza, Hego Euskal Herrian euskaraz aritzean, labadora, palomita, kadera, kostilla, nabe espazial, kolatu,ONU, RGI, ITV.

Arnasguneetako gazte euskaldun peto askori arrotza zaio euskara batua. «Ni ez naiz neu sentitzen batuan» eta gisakoak esaten dituzte, natural eta zintzo, barru-barrutik aterata, inolako asmo euskarafobikorik gabe. Baina hori esaten dutenek zer hizkuntza nahi dute munduko informazioa jasotzeko, irakurtzeko, fikzioa ikus-entzuteko, umeak eskolatzeko, herritik kanpora jendaurrean hitz egiteko? Arnasgunerik sakon, jator eta autentikoenean ere, gauza asko «erdaraz esaten den bezala» esatea baita «naturalena».

Diglosiaren ajeak dira. Euskarak zailtasunak ditu orotarako hizkuntza beregaina izateko, eta ahul eta mendeko bihurtzen dute zailtasun horiek.

Bikoiztaileen egoeraz galdetuta, gaiaz «informazio nahikoa» ez duela argudiatu du Unai Iparragirre ETBko zuzendariak erantzunik ez emateko, BERRIAk joan den ostegunean argitaratutako elkarrizketan. Informazio bila galdezka hasi behar duen honetan, apaltasunez, Iparragirreri aholkatuko nioke galdetzeko, BIEUSE eta EHBE elkarteetako bikoizleei ez ezik, EIE, Galtzagorri, EIZIE, Euskal Editoreen Elkartea, EHAZE, EAB, IBAIA, Pantailak Euskaraz, Mintzola, Bertsozale Elkartea, Euskaltzaindia, EHE, Kontseilua, IKA, AEK, HABE, Seaska, Ikastolen Elkartea, HEIZE, Eusko Ikaskuntza eta gisako beste hainbat talde, elkarte, edo erakundetako arduradunei ea bikoizketak ba ote duen laguntzerik arestian aipatutako euskararen aje horiek konpontzen. Euskarazko bikoizketa ez baita, edo ez bailuke izan behar behintzat, gaur eta hemen, bikoizleen kezka soilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.