Aitor Egurrola

Garaikurren zaindari

77 titulu irabazi ditu Aitor Egurrola atezainak Bartzelonarekin. Kirol munduko klub loriatsuenetako batean titulu gehien irabazi duen kirolaria da. 41 urte baditu ere, patin hockeyaz gozatzen jarraitu nahi du.

BARTZELONA.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Kirolari bat, askotan, irabazi dituen tituluen arabera epaitzen da. Datu hori maiz ez da oso fidagarria izaten, kirolari on askok garaikurrik gabe amaitzen baitute ibilbidea. Zer esanik ez profesionaletan. Beste batzuetan, aldiz, kirolariaren isla garbia da. Bada, datu horiek eskuan izanik, kirolari aparta da Aitor Egurrola (Bartzelona, 1980). Bartzelonako patin hockeyko atezainak 77 titulu irabaztea lortu du, maila gorenean lehiatzen daramatzan 24 urte hauetan. Eta datu horiek handitzen jarraitu nahi du. Aseezina da Egurrola.

Talde askok beren historian baino aldi gehiagotan jaso ditu besoak Egurrolak. Badira kirolari batzuk behin helburu bat beteta beste ezberdin baten beharra dutenak, geldi egon ezin direnak. Egurrolak24. denboraldia du hau Bartzelonan. Hasiera-hasieratik tituluak irabazten hasi zen, eta, ia mende laurdena igaro eta gero, ez da «aspertzen» irabazteaz: «Ni oso gustura nago hemen. Ez dut inor ezagutzen irabazteaz aspertzen dena; ez, behintzat goi mailako kirolean. Galtzeaz aspertzen direnak bai, dexente, gainera. Ni behintzat ez naiz aspertzen irabazteaz».

Espainiako 21 Liga, Espainiako 11 Kopa, Europako 11 liga, 4 Interkontinental, 11 Kopa Kontinental, 11 Superkopa, Kataluniako 4 Liga, 3 Iberiar Kopa eta Kopa Cers bat. Tamaina dotoreko museo bat egiteko adina garaikur ditu Bartzelonako atezainak, baina horrelako gauzak gordetzeko «desastre samarra» da: «Nire amarengatik izango ez balitz, domina, titulu eta bestelako asko galduak izango nituen jada. Nire amak etxean ditu txukun-txukun gordeak. Eskerrak berari. Egia esanda, zenbakiek ez didate asko axola; egindako bideari gehiago erreparatzen diot, eta orain artekoa ederra izan da».

Aspalditxotik, ikurrinarekin ospatzen ditu lorpenak. Jaiotzez katalana da, Bartzelonan bertan jaio baitzen. Baina izenak eta abizenak argi uzten duten moduan, Euskal Herriko sustraiak ditu. Euskaldunak ditu lehen hamasei abizenak. Pasaitarrak dira Fernando Egurrola eta Agur Leizeaga gurasoak, eta azken horren ekimen baten bidez ohitura bilakatu da ikurrina bizkarrean zintzilik duela tituluak altxatzea: «Europako ligako lauko final bat jokatzen dugun bakoitzean, nire ama ikurrinarekin joaten da partida ikustera. Ohorea da niretzat; nire familia guztia Euskal Herrikoa da, baita nire parte bat ere».

Pandemiaren eta amonaren heriotza direla medio, nahi baino gutxiago joan da Euskal Herrira azken urteotan Bartzelonako atezaina: «Lehen, Gabonak Euskal Herrian igarotzen genituen beti. Pandemiagatik, bidaia asko bertan behera utzi ditut, baina joateko gogoa dut. Uda lasai bat dudanean semeekin hara joateko asmoa dut».

Gaztetan, Euskal Herrira etorri, eta Atotxara joaten zen Reala ikustera, osaba zenarekin. Atezaina izanik, ez da zaila asmatzea zein zuen idolo: Luis Miguel Arkonada. «Realaren arorik loriatsuena bertatik bertara ikusteko aukera izan nuen. Gorriz, Larrañaga, Lopez Ufarte... Horrelako jokalariekin, errazagoa da talde bateko jarraitzaile egitea. Arraroa da pertsona batek taldeko atezaina idolotzat edukitzea, baina ni ordurako atezaina nintzen, eta, gainera, Arkonada jokalari gustukoena izatea nahiko ohikoa zela uste dut».

24 sasoi gozatzen

Ezbehar batengatik hasi zen umea zela Egurrola patin hockeyan. Aitari minbizia atzeman zioten bera haurra zela, eta, ama aita zaintzera joan ahal izateko, gelakideetako batzuekin patin hockeyan izen ematea erabaki zuen: «Nik hau dena gerora jakin nuen, baina hasieran denbora-pasa gisa sartu ninduten hemen. Kirol honetan hasi nintzen eskubaloian, futbolean edo beste edozein kiroletan hasi nintekeen bezalaxe. Kontua zen ni beste nonbait egotea».

Atepean, baina, «kasualitatez»hasi zen: «Atezain zenak hockeya utzi zuen, kirola gustatzen ez zitzaiolako. Gainontzeko guztiei proba moduko bat egin ziguten, eta niri suertatu zitzaidan posizio horretan aritzea. Handiena nintzenez, pentsatzen dut atea gehien betetzen zuena nintzelako aukeratu nindutela. Baina ni jokalari modura hasi nintzen».

Castelldefelsen hasi zen jokatzen, eta ondoren Hortan aritu zen, 1995ean FC Bartzelonara jauzi egin baino lehen. Hamabost urterekin iritsi zen hara, eta, handik hiru urte eskasera, 1998an, lehen taldearekin egin zuen debuta. Urte batzuk pasatu dira ordutik, baina oraindik ere gogoan du estreinako neurketa hori: «Klasean nengoela, ikastetxera deitu zuten, eta nire taldeko delegatuarekin harremanetan jartzeko esan zidaten. Hark eman zidan sorpresa, lehen taldeko atezaina min hartuta zegoela eta Coruñara joan beharra nuela. Hasieran pixka bat urduri nengoen, baina , neurketa hasita, urduritasun guztiak alde egin zuen».

24. denboraldia ari da osatzen onenen artean lehiatzen. Lehen taldearekin jokatzen hasi zenean, bere taldekideetako batzuk oraindik jaio gabe zeuden. Sasoi hauetan guztietan, familia bereko aita-semeekin izan da aldagelan. Azken urteetan baino urrutiago ikusten du erretiroa, «inoiz baino gehiago gozatzen» ari baita: «Sasoi amaieran 42 urte izango ditut, eta adina dagoeneko nabaritzen da. Urtebetez urtebete ari naiz kontratua berritzen, eta akaso horregatik ari naiz hainbeste gozatzen, ez dakidalako noiz jokatuko dudan azken finala, azken lehia garrantzitsua...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.