EKOGRAFIAK

Askorik jakin gabe

Lander Arretxea -

2019ko apirilak 25
Zutabegileok ez dugu telebista batzuek batere sotiltasunik gabe erabiltzen duten errekurtso hori. Ezin dugu, Aste Santuko opor egunak direla-eta, zutaberik eten. Ezin ditugu film klasikoekin —Ben Hur, 10 mandamentuak, Marcelino Pan y Vino...— edo mariatxiekin ordezkatu. Baina oporretan egindakoak kontatu bai, ordea. Edo bertan eztabaidatutako gai atenporalez aritu, lotsagabeki.

Aspaldiko partez plana batera egin, eta Errioxa partean elkartu gara sei lagun. Egia esan behar bada, helburu bakarrarekin: ardo zuri eta beltzarekin poztuta, mahai bueltan eseri eta berriketan aritzeko. Hontaz eta hartaz, zerbait jakingo bagenu bezala. Gaurkotasunezko gai bat bera ere ez da zeharkako aipamenik gabe geratu. Tartean, gehiegi jakin gabe hitz egiteko ezin aproposagoa den klasiko bat: ikusle datuak, eta horiek neurtzeko modua.

Errioxan bildutako lagunetako batek etxean izan zuen audimetro bat bizpahiru urtez. Badaki nola erabiltzen diren, eta maiz heldu izan diogu gaiari. Baina oraingoan, eztabaida garaikide orok berezkoa duen liturgia errespetatuz, Googlen egin dugu bilaketa: 350 neurgailu daude Euskal Autonomia Erkidegoan. Horiek neurtzen dutenak ematen ditu, besteak beste, ETB1eko saioei ematen zaizkien datu kaskarrak. Telebista guztiak aldi berean piztuta ez daudela kontuan hartuta, ez da zaila kalkulua egitea: bizpahiru etxetan ETB1eko saio bat ikusten egoteak —edo ez egoteak— emaitza dezente alda dezake. Baita saioaren balorazioa eta iraungitze data ere. Telebistan lan egin izan duen lagun bat ere elkartu garenon artean dago. Kontatu digu ekoiztetxeek identifikatuta izaten dituztela neurgailu horietako batzuk, eta maiz aurrez ere jakiten dutela zenbateko datuak emango dituzten. Badira sistema aproposa dela defendatzen duten adituak. Hala egin da orain arte, eta beti da errazagoa dagoenari eustea modu berriak sortzea baino. Baina bistakoa da, sareko ikustaldiek gero eta pisu gehiago duten honetan, ez dela tresna nahikoa zorrotza: ez, behintzat, euskarazko edukien arrakasta edo porrota neurtzeko. Eta hala den artean, alferrik ari gara hauteskunde garaian alderdiek dituzten datuek bezain balio gutxi duten zenbaki horiei begira. Lagunarteko bazkalondoan bezala segituko dugu: hitz egiten bai, baina askorik jakin gabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna