gorka julio
IRLEN SAREA

Esperantzara kondenatuak

2023ko uztailaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Neologismoak asmatzeko joera handia dago, akaso bizi garen mundua azaltzeko edo aterabideak bilatzeko beharra dugu; azkenetako bat Hopepunka izan daiteke. Grimdark-aren kontrakoa den fenomeno bat dela azaltzearekin ez genuke ezer azalduko, eta beste termino gehiago definitzen bukatuko genuke; saiatuko naiz beraz Hopepunka zer den eta zergatik den azaltzen.

HopePunka itxaropen izpi bat bezala agertzen da narratiba garaikidean. Alexandra Rowland idazleak definitu zuen terminoa lehenik, gure bizitzek zeharkatzen duten nihilismoa eta apatia indargabetzeko helburuarekin.

Erresistentzia ikuspegia eta aldaketa positibo baten aldeko borroka ditu ardatz. Cyberpunkak gizarte distopiko eta gizatasunik gabea erakusten du, baina HopePunkak irakurleak inspiratzea eta ahalduntzea du helburu. Mundu apurtu baten aurrean amore eman beharrean, Hope Punkak statu quo-ari aurre egiten dio eta, ezbeharrak gorabehera, etorkizun hobe bat eraiki dezakegula sustatzen du.

Istorioek elkartasuna, aktibismoa, enpatia eta norbere burua ahalduntzea bezalako gaiak jorratzen dituzte. Egoera zailei aurre egin behar dieten pertsonaiak aurkezten ditu, eta beren baitan eta komunitatean beren errealitateari aurre egiteko indarra aurkitzen dute.

Funtsezko ezaugarrietako bat zinismoa gaitzestea eta mundua aldatzeko ezer egiterik ez dagoenaren sinismenari aurre egitea du, aldiz, ekintza bakoitzak. Txikia izan arren, inpaktu esanguratsua izan dezakeela azpimarratuz. Altxatzera eta sinesten dugunaren alde borrokatzera bultzatzen gaitu, baita probabilitateak gure kontra daudela dirudienean ere. Idazleek eta irakurleek mundu errealaren mina eta ziurgabetasuna prozesatzeko modu bat aurkitzen dute horrela.

HopePunkak ospea lortu du literaturan, baina beste alor batzuetara ere hedatu da, hala nola zinemara, bideojokoetara eta musikara. Gero eta artista gehiagok itxaropen eta erresistentzia mezua helarazi nahi dute beren lanen bidez, konbentzio narratiboei aurre eginez eta ikuspegi alternatiboa eskainiz. Narratibak ez dira nahikoak gauzak aldatzeko, baina narratiba berririk gabe zaila da etorkizun hobeagorik pentsatzea. Horregatik pozgarria da, izen berri bat asmatu behar bada ere, ildo horri tokia egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.