Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Keinu telebista

2020ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Ba al dakizue nola esaten den koronabirusa keinu hizkuntzan? Herrialde bakoitzak bere keinu hizkuntza dauka. Hau da, keinu hizkuntza ez da unibertsala. Halere, koronabirusarekin ezohiko fenomenoa gertatu da, eta Japoniako eredua hedatu da. Birusa Txinan zabaldu zen lehenbizi, eta ondoren Hego Korean eta Japonian. Hortik mundu globalera jauzi egin zuen. Hala, koronabirusaren keinu adierazpenak ibilbide bera egin du. Esku bat bestearen gainean jarrita, horiek urrundu gabe, gainekoa gorantz eta eskumaldera eramanez esaten da koronabirusa keinu hizkuntzan. Hemen eta mundu osoan.

Gor-mutuekin hitz egiteko eta elkar ulertzeko erabiltzen da keinu hizkuntza. Soinua erabili beharrean, eskuekin eta gorputzarekin egindako mugimenduen komunikazioa da, alegia. Hego Euskal Herriko gor-mutuek Espainiako keinu hizkuntza erabiltzen dute, zenbait aldaerarekin. Hitz eta mugimendu batzuk desberdinak dira, eta elkarren arteko ulergarritasuna lortzen bada ere, %10-%30 aldatzen da gurean. Espainiako 27/2007 legeak aldaerak aitortzen ditu, eta Katalunian eta Valentzian keinu hizkuntza propioak dituzte. Areago, Generalitateak berariaz aitortzen du Kataluniako keinu hizkuntza autonomia estatutuan.

Euskara bezala, hizkuntza gutxitua da keinu hizkuntza. Euskal Gorrak elkartearen arabera, 4.000 gor-mutu daude EAEn, eta beste 50.000 lagun inguruk entzumen urritasuna dute. Krisi honetan, euskal hiztunekin gertatu den bezala, gor-mutuen hizkuntza eskubideak are gehiago urratu direla salatu dute hainbat elkartek. Informazioa lortzeko zein osasun arreta jasotzeko oztopo ugari izan dituzte, besteak beste. Diotenez, sistema ez da kolektibo horren behar komunikatiboetara egokitu. Adibide zehatz bat: itxialdian, baliabide teknologikoen faltan, gor-mutu askok komunikazio osoa galdu dute.

Euskal gorren irisgarritasun informatiboa bermatzeko, 2014an Zeinu.tv sortu zuen Euskal Gorrak elkarteak. Internet bidezko keinu telebista da. Aktualitateko gaiak lantzen dituzte, kirolari, kultura eta aisiari, eta gor-mutuen komunitateari arreta berezia eskainiz. Webgunea euskaraz eta gazteleraz dago, eta egitasmoak Eusko Jaurlaritzaren eta EITBren laguntza jaso du. Egiatan, ETBko Nahieran zerbitzua baino hobea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.