gorka julio
IRLEN SAREA

Inteligentzia artifizialak idatzia

2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Inteligentzia artifizialaren eta giza inteligentziaren arteko elkarlan posibleak esploratzeko esperimentu txiki bat da; handiago baten aurrekaria. Identitatearen gaiari ere zuzenean itaundu nahi izan diot. Esperimentuan, zutabe hau inteligentzia artifizial batek idaztea nahi nuen, baina ezin izan dugu egin. Mikel Azkaratek lagunduta, BERRIAn idatzitako artikulu guztiak hartu, webgunetik jaitsi, eta testu forma eman ondoren, inteligentzia artifizial bat elikatu dugu. Ziklo batzuen ondoren, bere ikasketa prozesua egin eta askatasun ezberdinekin (tenperatura ezberdinekin, hiztegi teknikoan) emaitza ezberdinak eman dizkigu. Mikelek erantzun dit: «Makinak ikasten 51 belaunaldi eman ditu, 470 minutu erreal (benetako 52 minutu)».

Buelta horretan etorri dira makinak idatzitako zenbait artikulu. Batzuetan nabaria da nire artikuluen esamolde asko dagoela, baina koherentzia aldetik ez dira nahikoak oraindik zerbait esanguratsua sortzeko.

Hala ere, prozesuan tresnak hitz berriak asmatu ditu. Horien artean udatu izan da horietako bat. Sormen prozesu batean, beraz, baliagarriak diren ideia edo pentsarazten dizuten gauzak sor daitezkeela dirudi. Paragrafo batzuk nahasgarriak izan arren, zentzu betea dute edo behintzat niretzat zentzurik badute... Ez da gutxi.

Seguruenik horrelako ekimen gero eta gehiago ikusiko ditugu eta jarduera honi lotutako egiteko berriak agertuko dira. Inteligentzia artifizial batek idatzitako kronikak, egindako obrak, lanak... zuzenduko edo interpretatuko dituen jendea beharko da. Zer esan, horiek programatu, algoritmoak hobetu eta «heziko» dituztenen beharra.

Beste aldean, algoritmo hauek erabiltzen den modua arautu eta kontrolatuko dutenak ere beharko dira.

Zalantzak ere sortu zaizkit bidean, eta ez espero nuen moduan zutabe horietan neure burua aurkituko nuen edo ez pentsatzeko garaian. Esaterako, esperimentuan erabili dudan datu oinarriak nik idatzitako eta libreak diren edukiak erabili ditut. Zer gertatuko litzateke saretik hartutako edukiak edota liburuetakoak erabili izan banitu? Zeinena litzateke egiletza? Nola jakin erabili diren edo ez? Egiletzak badu zentzurik honetan guztian? Axola al du? Ikusiko al dugu, hausnarketari lotutako lan baliagarririk, inteligentzia artifizialek idatzita?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.