gorka julio
IRLEN SAREA

Gure komertzioak

2019ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Hirietan zurrumurru bat dena, herrietan errealitate gordin bat da; herriko denda txikiak hiltzen ari dira. Eguberrietako kanpaina pasatu da, eta ez dirudi oso urte oparoa izan denik denda txiki eta ertain askorentzat, Interneteko eta enpresa handiagoen eskaintzak direla medio. Datu askorik gabe, baina handiek ere Interneten eragina nabaritu dutela entzun diot inori. Komertzioa erabat aldatzen ari da, sakelakoari lotuta. Erosotasuna, eskaintza, prezioa... asko dira horretan eragiten duten faktoreak. Gertuko tratua, konfiantza, gomendio pertsonalak... ez dirudite hain garrantzitsuak erosle berrientzat. Homogeneizazio prozesuetan, ezer ezberdina eskaintzea zaila da, publikoa horretara ohituta baitago; merkeago eskainiko dionik bada, zertarako gertu erosi?

Homogeneizazioaren kontra, eskaintza berezitua eta bertakoak egiteko aukera dago beti, baina hori egiteko zailtasunak asko dira. Komunikazioan indar handiagoa jartzea beharrezkoa izaten da, eta txikiek ez dute horretarako aukera handirik.

Interneteko salmentari dagokionez, bertara ere iritsi da marko geografikoari lotutako mugen apurtzea. Europan, orain arte ez bezala, produktuak herrialde ezberdin batean erosteko aukera egongo da orain. Orain arte, zenbait markek herrialdearen araberako filtro bat jartzen zuten. Konektatzen zinen herrialdearen arabera, herrialde horretako dendara bideratzen zintuzten. Orain hori desagertuko da, edo behintzat beste herrialdeetako denda birtual horietan ere erosteko aukera izango duzu Europan.

Ohitura aldaketa, baina, gertatu da. Frikzio humano gutxiko dendak nagusitzen ari dira. Plano fisikoan, tratu pertsonala eskertzen duenik egongo da, baina prozesu gero eta automatizatuagoak nahiago ditugula uste dut. Prezioa ezagutu, produktua ikuskatu eta trabarik gabeko erosketa egitea, alegia. Plano fisikoan horrela bada, zer esan Internet bidezko salmentetan...

Zer gertatuko da gure herri eta hirietako lokalekin orduan? Aukera gutxi ikusten ditut, baina bizitzaz bete beharko ditugu. Dendak bakarrik izango ez diren dendak, tabernak bakarrik ez diren tabernak edo elkartzeko tokiak: behar komunak asetzeko guneak asmatu beharko ditugu. Hori, edo frankiziez eta inmobiliarien kartelez jositako desertuak izango ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.