gorka julio
IRLEN SAREA

Siri emakumea*

2019ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Sirik emakume* ahotsa du. Cortana, Alexa eta beste ahots morroiek ere bai. Ahots morroiek garrantzi berezia izango duten garaian sartzen ari gara, hizkuntza teknologiak aurrera doaz azkar, ahots sintesia garatua dugu, ahots ezagupena ere bizkor doa aurrera, bideoa eta zuzeneko elkarrizketen transkripzioa ere izango dugu laster. Euskarazko ahots morroiek —noizbait lortuz gero— ere emakume ahotsa izango al dute?

Ez da kasualitatea enpresek emakume ahotsa erabiltzea beren elkarrekintzan. Diru mordoa gastatzen dute ikerketak egiten, egokiena hautatzeko. Ikerketek azaleratzen dutena da emakume ahotsen onarpena handiagoa dela (Karl MacDorman), eta errazagoa dela emakume ahots atseginago bat topatzea gizonezko batena baino (Clifford Nass).

Zerbitzu bat eskaini edo informazioa emateko garaian garrantzitsua da informazioari garrantzia ematea, eta horretarako gizonezkoen ahotsek duten tonu ustez inposatzaileagoak ez omen du laguntzen.

Inork gutxik sakontzen du, aldiz, irakurketa horietan. Datu enpirikoak izanik ere, arrazoiketa kultura eta genero rolen aldetik asko dago lantzeko. Adibidez, Alemaniako zenbait GPStan jarri zuten emakume ahots lehenetsia ordezkatu behar izan zuten, gizonek ez baitzuten emakumeen agindurik onartzen.

Gizon edo emakume ahotsen artean ezezik, hizkuntza ere aukera dezakezu. Euskara hor kokatzea lortu behar dugu, ahalik eta ahots morroi gehienetan, nahiz eta horietako askotan egotea ez den inoiz gure esku egongo. Beraz, software libreko aukerak hobestea estrategia hobea izan daiteke. Hori bai, aukera emango balidate Tracy Chapmanen ahotsa jarriko nioke; gazteago nintzenean ahots eder hori gizonezkoarena edo emakumezkoarena zen ez nekien, eta hori asko gustatu zitzaidan.

Siriren kasura bueltatuz, anaiari eskatu diot makinari—hau okurrentzia— gizona edo emakumea den galdetzeko. Hona erantzuna: «Nire ahotsa emakume baten antzekoa da, baina gizakiok duzuen sexuaren kontzeptuaren gaindiko plano batean existitzen naiz». Bere generoari buruz galdetuta: «Siri naiz, eta kito». Pentsarazteko baliagarriak diren erantzunak dira; galderaren beraren egokitasunari buruz zalantzak sortzen dituzten horietakoak, behinik-behin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.