gorka julio
IRLEN SAREA

Beste burujabetzen pare

2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Euskarabildua jardunaldian burujabetza teknologikoa hizpide izan zuten ostegunean. Mamitsua izateaz gain, burujabetza teknologikoa erdigunera ekartzeko premia azaleratu zen.

Burujabetzarako bidaian, Maitena Urretabizkaiak burujabetza teknologikoari lotutako enpresa komunitario eta kooperatiben TEKS sarea azaldu zigun. Enpresa teknologiko erraldoien eta zentro teknologikoen estrategian, subkontratazio kateen bidez azpiratuak eta ikusezin bihurtzen dituztenen aurrean, proiektuak, formakuntza, kontratazioak, ezagutza elkar banatzea izango duen sarea da.

Alex Hachek bere lagun hackerren esperientzia kontatu zigun (horrek burujabetzaren bidean nola eragiten duen). Arlo teknologikoan ikono bihurtu diren sortzaile gizon, zuri, aberats eta irudimentsuen izaera psikopatikoa eta lapurra azaleratzeaz gain, komunitateen indarra eta antolatzeko erak ikusgarri egin zituen: kooperatiba teknologikoez gain, hacklabak, hacker laborategiak, Fablabak, fabrikazio laborategiak eta Biolabak, biologia eta medikuntza herritarrarekin esperimentatzeko guneak.

Maritxu nora zoaz abestuz hasi ginen Xabier Barandiaranekin, kode askeari gorazarre egin zion erromeria lisergiko batean. Kodea ixteak suposatzen duen eskariaren aurrean, Kornukopiarekin, greziarren oparotasun sinboloarekin, parekatu zuen kode askea. Kode askeko garatzaileen orgia sexualaren tamaina ikusarazi zigun; GitHuben soilik, 31 milio garatzaile, 96 mila programa daude. Administrazio algoritmokoaren aurrean erakunde publikoek duten ardura ere azpimarratu zuen, informatika kodeen zehaztasuna eta lege kodearen interpretazio beharra alderatuz.

Informazioak libre izan nahi duela kontatu zuten Xabier Letonak eta Axier Lopezek; Frank Karlitschek, Nextclouden sortzaileak, Google tresnak hodei propioekin ordezka daitezkeela; Asier Iturraldek sare sozialen Fedibertsoa ikusarazi zigun; Rafael Puyek Pasaiako Udala software librera pasatzea posible dela; Alex Gabilondo eta Sonia Ortiz de Arri, burujabetzaren bidean elkarlanean aritu beharraren garrantziaz mintzatu ziren. Gehiago nahi duenak jarraipena.euskarabildua.eus webgunean ditu esandakoak. Mamitsua atera bada jardunaldia, labea bero eta okin onak dauden seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.