Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Euskara ez da ezinbestekoa

2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko logotipoaz hasi zuten saioa. Prime time ordutegian. Hauteskunde garaiko ekintza komunikatiboa balitz bezala. Igandean, 22:30ean, ETB2n emandako albistegi bereziaz ari naiz: Entrevista al Lehendakari. Xabier Garcia Ramsden kazetariak elkarrizketatu zuen Iñigo Urkullu, euskal telebista publikoko platoan bertan. Total, zertarako geratu etxean. Helburua? Koronabirusaren krisiak eztanda eta astebetera, EAEko ospitaleetako egoeraz eta ekonomiari lotutako galderak erantzutea. 35 minutu inguru iraun zuen tarteak, eta inoiz baino luzeagoak egin zitzaizkidan.

Iraingarria iruditu zitzaidan, alarma eta osasun larrialdi egoera historiko honetan, gure telebista publikoan lehendakariak eskaintzen duen lehen elkarrizketa gaztelania hutsean izatea. Alde batetik, zeharka bada ere, helarazten ari zaigun mezua baita gai garrantzitsuetarako gaztelania dela lehentasuna. Edo ezinbestekoa. Bestela esanda, ETB2n eta gaztelaniaz komunikatzea. Eta bigarren mailakoa edo ez ezinbestekoa, berriz, euskara. Bestela esanda, ETB1en eta euskaraz komunikatzea. Erabaki horrek, bestalde, bigarren mezua dakar inplizituki: euskal komunitateak ez du axola.

Errealizazio kontuei dagokienean, lantaldea ez zen aurrez xehe-xehe prestatutako gidoitik atera. Elkarrizketa gai ezberdinei lotutako galderen bitartez banatu zuten, eta inprobisaziorako tarte gutxi izan zen. Areago, esango nuke errealizazio osoa lehendakariaren erantzunen arabera diseinatuta zegoela. Kamerak, pantailetako izenburuak, trantsizioak, gorputz mugimenduak... ezin hobeki egokituak zeuden. Bestela esanda, lehendakariaren komunikazio taldeak programa ekoiztu balu bezala.

Emaitzak, hortaz, publizitate iragarki itxura hartu zuen. Izan ere, oro har, lehendakariak ez zuen «ezer» berririk esan. Edo nahiago baduzue, ez zioten ezer berririk galdetu. Koronabirusari lotuta ez dauden auzi gutxi batzuez bai galdetu zioten Urkulluri, adibidez, Zaldibarkoaz edota legebiltzarreko hauteskundeez. Lehendakariak, ordea, bere irudia zuritzeko besterik ez zituen baliatu galdera horiek. Kasualitatea ote?

Ondorioak zuek atera: saioaren amaieran, teleprompter-a jarri zioten elkarrizketatuari, %16,6ko ikusle kuotari hitz batzuk irakurtzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.