Miren Manias.
EKOGRAFIAK

'Unorthodox'

2020ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Deborah Feldmanen benetako istorioa kontatzen du Unorthodox telesailak. Feldmanek komunitate judu ultraortodoxo batetik ihes egin zuen. New York hiriko Williamsburg auzo judutik, hain zuzen ere. Ezagutzen ez zuen gizonezko batekin ezkondu eta urte batera, gutxi gorabehera. 18 urte zituen orduan. Bertako beldur giroak haren bizitza kutsatzen zuen, eta, inori ezer esan gabe, Berlinera alde egitea erabaki zuen. Han bizi da egun, eta idazle nahiko ezaguna da. Unorthodox: The Scandalous Rejection of My Hasidic Roots autobiografia argitaratua du. Haren erroen gaitzespenaz hitz egiten du. Telesailak, ordea, nazioarteko ospea ekarri dio Feldmani. Hori da Netflix plataforma erraldoian estreinatzeak izan ditzakeen ondorioetako bat.

Kritikak eta publikoak txalotu egin dute Unorthodox. Arrazoi osoz. Lehen denboraldia lau atalez osatua dago, 50 minutu ingurukoa bakoitza. Gidoia eta produkzioa nabarmenduko nituzke. Eta, horrez gain, aktoreen lan ikaragarri ona. Oro har, aurpegi nahiko ezezagunak dira. Besteak beste, Shira Hass (Esther Shapiro), Jeff Wilbush (Moishe Lefkovitch), Amit Rahav (Yanky Shapiro) eta Alex Reid (Leah Mandelbaum). Laurak ere, harribitxiak.

Telesaila ausarta iruditzen zait. Neurri handi batean, komunitate judu ultraortodoxoen gaineko kritika argia eta zorrotza baita. Eta, bestalde, emakumeen kontrako jazarpenak gogor salatzen ditu. Sotil, baina xehetasun osoz, komunitate horietan bizi diren emakumeen egoera lazgarria erakusten zaigu. Kasualitatea edo ez, telesailaren atzean hiru emakume daude. Anna Winger eta Alexa Karolinski dira fikzioaren gidoigileak, eta Maria Schrader, berriz, zuzendaria.

Protagonista nagusia, Esther Shapiro, komunitate horren arauez eta tradizioez harrapatuta dago. Seme-alabak edukitzea eta senarrari plazera ematea dira haren eginkizun bakarrak. Haren hitzetan, II. Mundu Gerrako «holokaustoan hildako milaka judu» berreskuratzeko.

Erraza da protagonistaren azalean jartzea. Nagusiki, aktorearen lanari esker. Sentipena, ordea, ez da batere erosoa. Gidoigileek, istorioa benetakoa izan arren, lizentzia batzuk hartu zituzten Feldmanen autobiografia egokitzeko. Batez ere, haren pribatutasuna gorde nahi zutelako. Emaitza, edozelan ere, ikustekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.