Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Azken dantza

2020ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Jakin-min handia zegoen The last dance dokumentalaren inguruan (Azken dantza), eta AEBetako gizonezkoen saskibaloi ligara (NBA) gerturatzen den ikus-entzunezkoak, momentuz, bete egin ditu. Hamar orduko dokumentala Chicago Bulls saskibaloi taldearen 1997-98ko denboraldian oinarritzen da, eta hari zor dio izenburua. Jerry Reinsdorf Chicago Bullsen orduko jabearen hitzetan, «azken urtea izango zela sentitu genuen». Phil Jackson entrenatzaileari mezu bera helarazi zion zuzendaritzak: «Denboraldi hau zure azkena da». Beraz, talde moduan egingo zuten azken ibilbideari The last dance deitu zion.

Netflixek jaurtiketa bitxia egin du dokumental horrekin. Apirilaren 20an estreinatu zituen 50 minutu inguruko lehenbiziko lau atalak. Maiatzaren 3ra arte egon dira ikusgai, eta herenegun, bosgarren eta seigarren atalak zabaldu zituzten. Maiatzaren 11n, berriz, zazpigarrena eta zortzigarrena ere ikusi ahal izango dira. Maiatzaren 18tik, azkenik, bederatzigarrena eta hamargarrena. Estreinaldiaren astean gehien ikusitako bigarren dokumentala izan zen The last dance.

Chicago Bullsen orduko izar nagusia Michael Jordan zen, eta istorioa, nagusiki, haren ikuspegitik kontatua dago. Jordanek ez du ofizialki ezer adierazi, baina dokumentala estreinatu aurretik haren onespena jaso zuela zabaldu da. 97-98ko denboraldia hasi baino lehen, NBAko ikus-entzunezko ekoizpen zerbitzuek honako proposamena egin zioten taldeari: denboraldi osoan gertatutakoa grabatzea, aldagelak eta bulegoak barne. Zuzendaritzak bazekien azken denboraldia izango zela eta marketin aukera ezin hobea zela. Diotenez, Adam Silver NBAko ikus-entzunezkoen orduko arduradunak edukiaren kontrola eskaini zion saskibaloi jokalariari.

Jordanek ESPZ produkzio etxearen lana ikusi du, eta adierazi, serie horren ondotik, jende askok gorroto duela. Lehen bost atalak ikusi ditut eta, ziurrenik, hori egiten amaituko dugu. Jordan kirolzale amorratua zen. Saskibaloian jokatzeko trebetasuna eta haren ofizioarekiko konpromiso handia erakutsi zituen. Zainetan zeraman lehiakor izaera. Une askotan, ordea, zaila da hark egindako hainbat gauza edo hartutako zenbait jarrera ulertzea. Zergatik ikusi dokumentala? Gustuko ez dituzun pertsonetatik ere zerbait ikas daitekeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.