Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

'Fringe'

2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Nire bizitzako telesail kutunez idazten hastean, argi izan nuen Lost-ek leku berezi bat izango zuela nire Ekografi-etako azpiatal honetan. Eta izan zuen. Sei Ekografia-tan zehar zehazki! Gaurkoan, Lost zale gehienentzat leku berezia gordetzen duela apustu egingo nukeen beste telesail batez aritu nahi dut. Gaur, Fringe-ren txanda da!

Fringe 2008an estreinatu zuten Fox kateak (AEB) eta CTV kateak (Kanada) aldi berean. Ekoizpenaren atzean J. J. Abrams zegoen. Bai, Lost-en sortzaile nagusia, eta nabari da. Duela gutxi, Zone Blanche telesail frantziar bikainaz aritu nintzen hemen bertan, eta aipatu nizuen, edozein suspentsezko telesailetan ukitu paranormal bat ondo sartuz gero, nire interesa areagotu egiten dela. Fringe horren adibide bikaina dugu.

J. J. Abramsen lehen ekoizpen garrantzitsua Felicity telesaila izan zen. Bertan, neska batek unibertsitate urteetan heldutasunera bidean bizi zuena kontatzen zitzaigun. Telesail harekin irabazi zuen benetan egin nahi zuena egiten hasteko errespetua Abramsek. Hurrengo lana Alias izan zen. Alias-ek Sidney Bristow agente sekretuaren gorabeherak kontatu zizkigun, eta hortxe sartu zuen lehen aldiz J. J. Abramsek aipatzen dizuedan ukitu paranormal hori. Gero etorri zen Lost, eta hori amaitu aurretik, Fringe bikaina. Fringe-k, Lost-ek bezala, erabat kateatzen zaituen arku-trama bat du —ez dizuet ezer aurreratuko, lehen denboraldiaren amaiera arte ez baitzaio ikusleari gertatzen ari dena zer den argitzen—.

Lehenbizi, Alias, eta Fringe ondoren, Lost-etik ezberdintzen dituena, atal autokonklusiboz osatuak daudela da. Hau da, kateatzen zaituen arku-tramaz gain, atal bakoitzean hasi eta amaitzen diren tramak daude. Beti pentsatu izan dut Abramsentzat Fringe aukerabat izan zela Alias perfekzionatzeko, eta lortu zuen, bai horixe!

Fringe entretenigarria da, ataletako kasuak ondo eramanak daude, The X Files eta Lost arteko eremu ilun batean zaudela sentiarazten dizu, eta sekula gehien maitatu dudan pertsonaiari esker, umore absurdoz bustitzen ditu egoerarik larrienak. Horren inguruan ere ez dizuet gehiegi aurreratuko, baina, mesedez, Walter Bishop ezagutzearren soilik, merezi du Fringe ikustea. Eta azken denboraldia, ai ama, azken denboraldia... Animatzen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.