Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

'Galicia Caníbal'

2021eko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Thriller moduan, zorrotz jarrita, badu irristadarik eta inkoherentziarik, baina ondo eraikia dago Carlos Monteroren, Silvia Queren eta Roger GualenEl desorden que dejas telesaila (Netflix, 2020), eta gogor heltzen dio lepotik ikusleari, atal bakoitzaren ondoren hurrengoa berehala ikusteko tentazioa izan dezan.

Bi pertsonaia nagusien arteko lotura da telesailaren lorpenik handiena: Viruca eta Raquel. Bi aktoreen lan ona (Barbara Lennie eta Inma Cuesta, hurrenez hurren) funtsezkoa da telesailaren ekarpen hori biribila izan dadin. Aukeran, Raquelen presentzia batzuetan nekagarri samarra gertatzen bada ere; beti beldurrez eta pentsamendu ilunetan, burua altxatu ezinda. Gainerako aktoreen lana ere ez da makala, eta Aron Piperrek (Iagoren rolean) adierazkortasun handia erakusten du eszena askotan.

Bi pertsonaia nagusiak fisikoki elkartu gabe lotzen dituen tramaren agertokia Galiziako fikziozko herri bat da, Novariz. Oso txikia izan gabe ere infernu handi samarra, han gertatzen denak agerian uzten duenez. Novarizen denek elkar ezagutzen dute, eta denak bizi dira beldurra mortero moduan erabiliz eraikitako hierarkia gotor bati men eginda. Os Resentidos taldearen Galicia Caníbal kantu ezaguna ekarriko dio gogora bati baino gehiagori.

Beste fikziozko lan askotan bezala, thrillerrari indarra emateko baliatzen dira herri txiki, estu eta itxiaren topikoak El desorden que dejas telesailean, eta, une batzuetan, horrek ondo funtzionatzen du, albistegietan tarteka jasotzen diren berri batzuen oihartzuna ekartzen baitute tramako gertakari batzuek.

Alabaina, beste batzuetan topikoa topikoegia da, eta horren isla da galizieraren agerpen urria, beti kultura akademikorik gabeko jendearen ahotan, xehetasun exotiko bihurtua, tokiko kolore. Literaturako irakasle direnez, Virucak zein Raquelek hainbat idazleren testuak irakurtzen dituzte beren eskoletan. Espainierazkoak dira denak, galizierazko literaturaren arrastorik txikiena ere ez dago. Eman behar galizieraz idazterik ez dagoela.

Horiek guztiak kontuan hartuta, telesailen eskaintza gero eta zabalagoaren barruan ezinbesteko aukera izan gabe ere, gomendagarria da El desorden que dejas, ganoraz taxututako thriller baten bidez ordu batzuk Galizia haragijalean eman nahi izanez gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.