gorka julio
IRLEN SAREA

R0a zaindu

2021eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Ezaguna izango duzue: oinarrizko birsorkuntza tasa, R0, infekzio baten birsortze edo ugaltze zenbakia da. Populazio bateko pertsona batek ustez beste zenbat kutsatuko dituen adierazten duen zenbakia. Baina hizkuntza/kultura balitz birusa? —analogia egin eta Pixka bat es mucho kanpainaren eta euskararen birusaren mamuak agertu zaizkit; utikan!—.

Serio, hizkuntza eta kultura baten zabalkundea, erreprodukzio gaitasuna, faktore epidemiologiko bezala jorratzen badugu hipotesi moduan? Uste dut estatuak jada horretan ari direla, eta beren politikek faktore horren bueltan modulatuz kontrakotasuna saihestea bilatzen dutela.

Hipotesi honen arabera, hizkuntza/kultura baten R0a baxu edo negatibo mantentzearekin nahikoa litzateke, aurrez aurre jarri baino gehiago, kontzesioak diruditen politikak eskainiz. Horrela uler daiteke ETB3 Nafarroan hedatzeko baimena edota plataforma digitaletan %6a gaztelera ez diren beste espainiar estatuko hizkuntzetan egiteko bete beharra. R0an eragin positibo gutxi izango duten neurriak izango direlako dira onargarriak.

Sistema mantentzea, baina, ez da erraza, eta alde batetik jartzen baduzu, bestetik kendu behar izaten da batzutan. Neurri horiek aurkeztu eta hurrengo egunera, Kataluniako murgiltze ereduaren kontrakoak etorri ziren kasualitate krudel baten moduan. Iparraldean ere gazteen artean egoera apur bat hobetzen ari zelarik, murgiltze ereduari traba gehiago jartzea erabaki zen moduan. Sistemaren oreka ezin da galdu, beraien R0a altu eta gurea baju mantendu behar da beti. Ahal dela,aurrez aurreko kontrakotasun bat erakutsi gabe.

Hizkuntzak/kulturak informazioaren jendartean faktore epidemiologikoekin alderatu baditzakegu, zein da gurea birsortzeko ditugun mekanismoak? Estatuek dituzten defentsa sistemak oso indartsuak dira, baina ez dira saihestezinak. Non daude arrakalak? Zein dira birus batek erabiliko lituzkeen estrategiak? Nolakoak izan behar dira estrategien mutazioak helburua lortzeko?

Etengabe mutatzen den benetako birus baten garaiotan, sufrimendurako ez ezik, pentsatzeko plataforma bezala baliatu dezakegu pandemia. Bizirik ez dagoen, baina bizitzarekin amaitzen duen birus bat baino, hizkuntza/kultura bat bizirik mantenduko duen birus bat txertatu behar dugu gorputz-sozialean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.