gorka julio
IRLEN SAREA

Soluzionismo teknologikoa

2021eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Soluzionismo teknologikoa gaitz sozial bat da. Soluzionismo teknologikoa edozein arazori soilik soluziobide teknologiko batekin erantzun behar zaiola dioen pentsamendu magikoa da.

Andoaingo (Gipuzkoa) zine eta bideo eskolak egiten zuen Kanal ON telebistan, munduaren arazo nagusia zein zen galdetu zidaten, eta «dirua» erantzun omen nuen. Diru falta izango zen horren arrazoia ziurrenik, baina gogoratzen dut dirua bera ere arazo bezala ikusten nuela. Zergatik ez dugu behar duguna eta listo? Zertarako dirua eskuratu behar, behar duguna lortzeko? Ume bat nintzen orduan, eta egun berean paleontologoa izan nahi nuela ere erantzun nuen. Atera kontuak.

Horri lotuta, zenbaitzuk orain dirua bainoago, berriro ere irakurketa infantil horri jarraituz, «dirua» munduaren arazo nagusia dela esaten dute. Hobeto esanda, diruaren izaera bera eta berau sortu eta kontrolatzeko arazoa konponduz gauza gehienak konponduko liratekeela. Diruaren kontrola duten bankuei eta estatuei horren kontrola kenduz gero, munduaren arazo nagusiak konponduko genituzkeela. Analisia akaso ñabardura txiki edo handiekin partekatu badaiteke ere, arazoaren soluzioa «kriptodirua» eta blockchain teknologia dela diotenean hasten da.

Gero eta gehiago entzuten ditugu teknologia horiek: energia xahutzaile izateaz gain, ustezko kontrol zentralizatua ez dute saihesten (teknologiak ahalbidetuko lukeen arren), metaketarako eta espekulaziorako bide ematen dute (moneta horien jabe handienak gutxi batzuen esku daude), eta ez dute, gainera, esperotako helburua betetzen (bankuek eta estatuek haien gaineko kontrola eskuratu badezakete kapitala eta inbertsioak eginez lehenak, lege bidez bigarrenek). Ekuadorko Gobernuak, adibidez, Bitcoin txanpona onartu du moneta ofizial moduan.

Espekulazio iturri handi bat diren aktibo bezala ikusi behar ditugu, eta horrek beti suposatuko du handien irabaziak metatzeko aukera zein txiki askoren porrota. Baina, gainera, inoiz aipatzen ez den beste instituzio bat sostengatzen duen eredua da: merkatua. Arazoa ez da estatuek araututako eta bankuek bitartekaritzaren bidez kontrolatutako dirua izatea, merkatua bera ukitzen ez den bitartean, jendartearen beharrei begira jartzeko, ez dago soluziorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.