IRLEN SAREA

Txiribuelta

gorka julio
2022ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Polo desberdinen arteko mundu batera goaz, eta polarizazioa ematen hasi da, oraindik poloak argi ez daudenean. Polo desberdinak daude edo egongo dira, baina zein izango da jendartea ordenatzeko irizpide nagusia? Eta zein nolako rola betetzen ari da eta betetzea nahi dugu teknologiak horretan?

Zein dira mekanismo erregulatzaile nagusiak begiratuz gero, arlo publikoa (estatu egiturak), merkatua (ekimen pribatua), herrigintza (ehun komunitarioa)...? Irudika ditzakegu, behintzat. Edozein gizartetan hiruko horretako osagaiak topa daitezke harremanetan. Batzuk besteen mesedetan lanean, beste batzuetan elkarlanean, orekatuak eta erabat desorekatuak. Adibidez, neoliberalismoak arlo publikoa merkatuaren mesedetan lanean jartzen du, herrigintzaren gehiengoa baztertuz aldi berean.

Polarizazio fase hori jendarteak erregulatuko dituen mekanismoen birmoldaketa edo sakontzea ere izan daiteke. AEBetan merkatua da nagusi; Txinan pisu gehiago dauka arlo publikoak; Europan (des)oreka handia dago. Herrigintzak edo ehun komunitarioaren pisua gailentzen duen eredu askorik ez dago. Merkatua erregulatzaile nagusi izan diren mekanismoak izan badira nagusi, beharbada teknologia lagun, beste era baterako zikloak sor ditzaketenak ere egon daitezkeela pentsatzeko garaia ere iritsi da. Ekaitz Cancelak hitzaldi batean metafora polita eman zuela iruditu zitzaidan. Txinatarren kreditu sozialaren bueltan, honako hau esan zuen: «Teknologia lagun, Txinako estatuak manifestazio batera edo estatuaren kontra mobilizatzen denak puntuak galtzen baditu, pentsa genezake kontrakoa egiten duen mekanismorik? Mekanismo inzentibatzaileei buelta eman, ekarpen komunak sarituz eta mekanismo errepresiboak baztertuz?»

Zibernetikak proposatzen dituen feedback zikloak, bere burua zuzentzeko gai diren sistemak, ez dira edozertarako, baina merkatua erregulazio sistema egoki bakarra denik zalantzan jartzeko balio dute. Pentsa dezakegu, teknologia lagun, automatikoki arautuko diren bizi zikloak, herrigintza eta akaso eremu publikoaren arteko aliantzan. Publikotik eta ehun komunitariotik erantzungo duten ziklo kooperatiboagoak sortzeko teknologiak badira, buelta ematearekin, nahiko; buelta bainoago, txiribuelta egin behar bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.